Duela astebete, ekainaren 18an, Zelaieta Zentroak ekitaldi berezi bat jaso zuen. Bertan Amorebieta-Etxanoko alkate Ainhoa Salterain zornotzar talde batekin bildu zen, azken bi urteetan lotutako mugarri nagusiak aurkezteko eta udalerriaren egoerari buruz hausnartzeko.
Alkateak eskerrak eman zizkien bertaratutakoei; horietako askok azken bi urteotan harreman zuzena izan dute alkatearekin bilera, dei edota elkarrizketa bidez. Hala, topaketan, Ainhoa Salterainek bere lan egiteko hiru oinarri edo ardatz nagusiak azpimarratzeko aprobetxatu zuen: herritarrekin elkarlana (lan partekatua), pertsonekiko lehentasunezko arreta (pertsonak erdigunean) eta udalerri-eredu berdinzalea, iraunkorra eta etengabe aldatzen ari dena bultzatzea. Era berean, Aginte Planaren (2023–2027) baitan aurreikusitako 74 ekintzetatik %78 martxan edo burututa daudela ere jakinarazi zien bertaratu zirenei, udal gobernuaren konpromiso maila handia berretsiz.
“Udalerri bat gobernatzea entzutea, ulertzea, laguntzea eta imajinatzea da. Elkarrekin eraikitzea da, Arkalaz, etorkizun partekatu bat sortzeko,” adierazi zuen alkateak. Oraindik bide bat dugu egiteko, baina konpromiso berarekin egingo dugu aurrera, pausoz pauso, eta pertsonak beti erdigunean jarriz.”
Saioan zehar, orain arte egindako lanaren balantzea aurkeztu zen arloz arlo, sei ardatz estrategikotan antolatuta. Azkenik, parte-hartze dinamika bat egin zen, non herritarrek euren ideiak, ametsak eta proposamenak partekatu zituzten, datozen urteetako erronkak eta aukerak elkarrekin eta elkarlanean hausnartzeko.
“Hau da unea. Hau da lekua. Hemen hasten da guztia,” amaitu zuen alkateak, 2050eko Amorebieta-Etxano, herritarren parte-hartze aktiboarekin, irudikatzeko gune bati bide emanez.