Adinekoen abesbatza berria sortu du Abadiñok
Aurkezpena larunbat honetan izango da Errota Kultur Etxean, eguerdiko 12:00etan
Abadiñoko Udalak martxan jarri du, Gizarte Ongizateko sailaren bidez, Abañoko Kantariak izeneko adinekoen abesbatza berria. Ekimen hau udalerriko ahots tailerretik sortu da. Aurkezpena larunbat honetan izango da Errota Kultur Etxean, eguerdiko 12:00etan.
Ahots-harmonien magiaz gozatu nahi duten pertsonentzat sortutako ekimen bat da abesbatza berri hau, elkarlanean aritzeko, ahots trebetasunak lantzeko eta musika mundua ikuspegi kolektibo batetik gozatzeko egina.
Saioa Bañales Piris zuzendariaren gidaritzapean hogei bat lagun elkartu dira tailerrean, eta ilusioz eta konpromisoz sortu dute abesbatza. Kantu-saioetan arnasketari, erritmoari eta afinazioari buruzko hainbat teknika ikasi dituzte, baina, batez ere, elkartasun, gozamen eta ikaskuntza esperientzia partekatu bat bizi izan dute. Izan ere, helburua ez da bakarrik abestea, musikaren bitartez komunitate bat sortzea baizik.
Abadiñoko Udalak herritar guztiei egin die proiektu berriaren aurkezpenera joateko deia. Izan ere, abeslari talde bat izateaz gainera, proiektuak ahots kolektibo bat, poza, indarra eta parte-hartzea sustatzen ditu.
“Bereziki hunkitzen nau ikusteak nola tailer bat bihurtu den gune bat non elkartu, ikasi eta sortu. Prozesu honetan ipini dituen lana eta sensibilitatea eskertu nahi diot Saioari, eta parte-hartzaile guztiei, ahotsa eta bihotza jarri diotelako honezkero Abadiñoko herri osoarena den abesbatza honi”, adierazi du Edurne Maguregi Gizarte Ongizateko zinegotziak.
Aurkezpenera joateko gonbiteak doan eskuratu daitezke Errota Kultur Etxean eta Mediatekan, aforoa bete arte.