Bermeoko Udalak, Euskara Sailaren bitartez, bi irakurle txoko eskaintzen jarraituko du datorren ikasturtean ere: ohikoa eta feminista. Aurten, aurreratu egin da izena emateko epea, eta irailean barik, interesa daukatenek, ekainaren 15etik 30era bitartean eman beharko dute izena. Izena emateko lekua ere aldatu da aurten, Berhaz bulegoan edo udalaren egoitza elektronikoaren bidez egin beharko da izen-ematea, inprimaki bat beteta.

Aurtengo berrikuntzen artean dago, hasiera batean, parte-hartzaileek irakurle txoko bakarrean eman ahalko dutela izena. Ondoren, matrikulazio epea amaitu ostean, eta lekurik libre geratzen baldin bada, bigarrenean ere izena emateko aukera egongo da. Hamabost pertsona egon ahalko dira txoko bakoitzean, eta izen-ematearen hurrenkera kontuan hartuko da taldeak osatzerakoan. Irakurleen txokoak, gainera, udal liburutegira bueltatuko dira; ohiko txokoa hileko hirugarren eguaztenetan batuko da, eta feminista, berriz, hileko azken eguenetan. 

Bi txoko: ohikoa eta feminista

Iaz abian jarritako txoko feministak genero ikuspegitik irakurtzeko espazioa eskainiko du. Bertan, literaturaren alderdi estetiko eta fikzionaletik harago, generoak obretan duen presentzia eta horren inguruko diskurtsoak aztertuko dituzte. Gaiak askotarikoak izango dira: amatasuna, genero indarkeria, maskulinitate eta feminitate ereduen eraikuntza, eredu ez-binarioak, eta abar.

Ohiko irakurle txokoa, berriz, 2011. urteaz geroztik dago martxan, eta literaturan interesa duten herritarrak batzen ditu hilero, irakurritako liburuen inguruan solasean aritzeko. Bi irakurle txokoak Nagore Fernandez Zabalak dinamizatuko ditu, eta saioak doakoak izango dira. 

Parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa da Bermeon erroldatuta egotea eta udalarekin zorrik ez izatea. Saio bitan jarraian huts egiteak txokotik kanpo geratzea ekarriko du, eta liburutegitik liburuak garaiz jasotzea eta bueltatzea ere ezinbestekoa izango da.

Ekimen hauen helburuak honako hauek dira : irakurzaletasuna sustatzea, euskaraz sortzen duten zein euskarara itzulitako autoreak ezagutaraztea, talde egonkor eta dinamiko bat eratzea, eta parte-hartzaileen eta dinamizatzailearen arteko konfiantza giroa sortzea.