Traña-Matienako aparkaleku sistema berriaren proba pilotua hasiko du Abadiñok
4.750 pegatina banatu dituzte doan ibilgailua Abadiñon erroldatuta duten herritarren artean
Udalerrian dauden aparkaleku-arazoak konpondu nahian, 2026ko urtarrilaren 1ean martxan jarriko Abadiñoko Udalak Traña-Matienako aparkaleku sistema berria. Bada, astelehen honetatik aurrera, sistema hori probatzeko proba pilotua hasiko da.
Guztira, 4.750 pegatina banatu dituzte doan ibilgailua Abadiñon erroldatuta duten herritarren artean, eta ibilgailuaren aurreko aldeko eskuinaldean jarri beharko dute. Behin-betiko proiektua onartzeko, urte eta erdiz aritu dira lanean.
Aparkatzeko sistema berriaren bitartez, aparkalekuen problematikari konponbidea ematea da Mikel Urrutia Abadiñoko alkatearen asmoa: “Historikoki, Abadiñoko herritarrok planteatu duzuen arazo nagusienetako bat izan da Traña-Matienan aparkatzeko daukazuen zailtasuna, eta horri irtenbidea ematea da gure lehentasuna”.
Auzoko ostalariekin eta merkatariekin elkarlanean landu dute proba pilotuaren diseinua. Edurne Maguregi Sustapen Ekonomikoko zinegotziaren hitzetan, “funtsezkoa” izan da bi aldeen arteko lankidetza proba pilotuaren nondik norakoak zehaztu ahal izateko: “Hasieratik argi izan dugu elkarlana beharrezkoa zela adostasun batera iritsi ahal izateko. Auzoko merkatariak eta ostalariak entzun ditugu, euren ekarpenak jaso ditugu, eta, denon artean, proposamen landu hau egitera iritsi gara”.
Hiru gune
Hiru gunetan banatuta egongo da auzoa. Gune gorrian, ibilgailua Abadiñon erroldatuta duten pertsonek aparkatu ahal izango dute. Gune urdinean, gehienez ordubetez aparkatu ahal izango da, doan, autoen errotazioa eraginkorra eta ordenatua izan dadin. Gune berdean, berriz, gehienez bi orduz aparkatu ahal izango da, doan.
Trañaetxoste kalean, TAO sistema indarrean ez dagoen orduetan, egoiliarrek aparkatu ahal izango dute. Hori dela eta, kolore gorria tartekatu dute eremu horretan.
TAO makinak bikoiztu egin dituzte: bi makina egotetik, lau egotera pasa dira. Era berean, makinen software sistema ere hobetu dute, eta matrikula erregistratu ondoren, ez da autora itzuli behar papera jartzera. Udaltzaingoak ere erreminta elektroniko berriak ditu sistemaren inguruko ahalik eta jarraipen zehatzena egin ahal izateko.
Proba pilotuaren bitartez, aparkalekuen erabilpen-datuak jasoko dira, eta, udazkenean zehar, emaitzak jasotzen dituztenean, balorazio bat egingo dute. “Denborak esango du zerk funtzionatzen duen eta zer hobetu daitekeen. Argi duguna da herritarrekin hartuemanetan jarraituko dugula, eta erabakiak guztion artean hartzen jarraituko dugula”, adierazi du Mikel Urrutia alkateak.
Aparkaleku berriaren proiektua, martxan
Aparkaleku sistema berriaz gainera, Udala 100 plaza gehiago lortzeko aparkaleku berri bat sortzeko lanketa egiten ari da. Proiektua diseinatuta dago dagoeneko, eta behar diren lur-arloak eskuratzeko kudeaketa-lanak egiten dabiltza.