40 postu eta 130 abelburu izango dira Urkiolan San Antonio egunean
Azoka 10:00etatik 15:00etara egongo da zabalik ekainaren 13an
Datorren ostiralean, ekainaren 13an, San Antonio eguna ospatuko da, eta Urkiolak tradizioa eta euskal kultura batzen dituen azokaren egoitza izango da, beti bezala. Aurten 40 nekazarik eta artisauk eta 130 abelburuk osatuko dute ganadu eta baserri produktuen azoka, goizeko 10:00etatik 15:00etara zabalik egongo dena. Bertan ogia, gazta, barazkiak, kontserbak eta abar erosi erosteko aukera izango da.
Goizean, ohiko mezak egongo dira santutegian, 10:00etatik 13:00etara, orduro. 12:00etako meza nagusian, santutegi aurreko harria izango da protagonista beste behin. Horrez gainera, trikitilariek eta Sustrai Colina eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariek alaituko dute giroa.
Errepetiziño eguna
Ekainaren 15ean, domekan, Errepetiziño eguna egingo dute Urkiolan bertan. Baserriko produktuen azoka eta meza izango dira. Horiez gain, herri kirolen erakustaldia egongo da: Malen Barrenetxea, Nerea Arruti, Hodei Ezpeleta eta Bihurri aizkoran arituko dira, Sara Asenjo harriak jasotzen, Ainhoa Larrinoa ingudean eta txingetan, eta Karlos Aretxabaletak Iparraldeko jokoak ekarriko ditu. Arratsaldean, erromeria egongo da Aiko taldearekin.
Halako hitzorduek, Urkiolaren garrantzia balioan jartzeko balio dutela uste du Mikel Urrutia alkateak: “San Blas azokarekin batera, San Antonio eguneko azoka hitzordu oso berezia da abadiñarrontzat eta lehen sektoreko ekoizleentzat. Topagune izateaz gainera, baina, halako egunek Urkiolak duen potentzialaz jabetzeko aukera ere ematen digute. Udalaren erronka da ingurune hori indartzea eta duen balioa ematea”.
Edurne Maguregi alkateordeak lehen sektorea indartzearen garrantzia azpimarratu du: “Abadiñoko Udalean lehen sektorearen aldeko apustua egiten jarraitzen dugu. Halako azokak funtsezkoak dira abeltzainen, baserritarren, ekoizleen zein artisauen lana ezagutzera emateko eta balioan jartzeko. Izan ere, Urkiolako San Antonio eguneko azoka ez da topagune huts bat, gure nortasuna, lurra eta tradizioak zaintzeko modu bat ere bada, zalantzarik gabe. Urkiolako paraje ederrean, izan garenaren, egun garenaren eta izango garenaren ospakizun bihurtzen da azoka”.
Abadiñoko Udalarekin batera, San Antonio jaien antolakuntzan laguntzaile izan dira Urkiola Landa Garapenerako elkartea, Urkiolako santutegia eta BBK.
Doako autobus zerbitzua
Urkiolara igotzeko asmoa dutenek, autobusez igotzeko aukera izango dute. Bizkaiko Foru Aldundiak doako autobus-zerbitzua antolatuko du ekainaren 13an eta 15ean, Urkiolako Santutegira joateko. Autobusak 9:00etan, 10:00etan eta 11:00etan irtengo dira Zelaietako autobus geltokitik, eta Traña-Matienan geldialdia egingo dute (eskolen aurrean). Itzultzeko, berriz, 17:00etan eta 18:00etan irtengo dira autobusak Urkiolatik Traña-Matienara eta Zelaietara.