Tokiko ostalaritza babesteko eta dinamizatzeko helburuarekin eta aurreko 17 edizioek izandako harrera bikaina kontuan izanda, Sestaoko Udalak martxan jarri du pintxo-lehiaketaren edizio berri bat. Aurtengoa ekainaren 5etik 14ra ospatuko da, eta udalerriko 28 ostalaritza-establezimenduk hartuko dute parte. Hamar egunez, etxekoek zein kanpokoek miniaturazko gutiziak dastatzeko aukera izango dute.

"Sestaon, zorionez, tradizio eta kalitate handiko ostalaritza-sektorea daukagu. Sukaldaritza tradizionalena eta errezeta abangoardistenak uztartzen dituzten profesional horiek gu harritzeko gaitasuna dute mokadu bakoitzarekin. Lehiaketa hasi eta proposamenak probatzen hasteko irrikan gaude ", adierazi du Gorka Álvarez alkateak, eta eskerrak eman dizkie ostalariei lehiaketan izan duten inplikazio eta parte-hartzeagatik.

Pintxoak 12:30etik 14:30era eta 19:00etatik 22:00etara dastatu ahal izango dira, 1,80 euroren truke.

Ostalaritzarekin lotutako hainbat arlotako profesionalek osatutako epaimahai batek 28 proposamenak dastatuko ditu eta sariak emateaz arduratuko da. Arten eguneratu egin dira hiru sailkatu onenentzako sariak eta 400, 300 eta 200 euroko saria eta diploma jasoko dute, hurrenez hurren. Sestaoarren pintxo gogokoena sortzen duen establezimenduak ere errekonozimendua jasoko du.

Epaimahaiaren erabakiak berdinketa eragiten badu, herri-botoak ebatziko du auzia. Herri-botoaren araberako pintxorik onena aukeratzeko, bezeroek eskura izango dituzte boto-txartelak, eta bozkatzeko ezinbestekoa izango dute gutxienez lau proposamen probatzea. Parte hartzen duten 28 establezimenduak aurkitzeko planoak ere eskuragarri egongo dira.

Herri-bozketan botoa eman duten guztien artean 100 euroko bonu bi zozkatuko dira, lehiaketan parte hartzen duten lokaletan kontsumitzeko.

Taberna irabazleen izenak ekainaren 14an, larunbata, 14:00etan San Pedro Plazan egingo den ekitaldi publiko batean jakinaraziko da. Ekitaldi horretan bertan, herri-bozketan parte hartu dutenentzako sariak ere zozkatu egingo dira.

Txikienek ere Pintxoen Lehiaketaz goza dezaten, egun horretan bertan talo tailerra antolatuko da plazan 11:00etatik 14:00etara.

Ostalaritzaren ordezkari gisa, El-Vi tabernako Nathaly Mesesesek hartu du parte aurkezpenean, eta adierazi du horrelako ekitaldiak "esperientzia handia" direla ostalaritzaren sektorearentzat, "aintzatespenean hazteko". Era berean, dei egin die herritarrei lehiaketa honetaz goza dezaten "familian edo pintxoak probatzera datozen lagunekin"