'Psikologia kalean' jardunaldiak Abadiñora heldu dira
Abadiñoz gainera, Bilbon, Barakaldon eta Zallan egingo dituzte saioak, besteak beste
Aurreko edizioek izandako harrera bikaina kontuan izanda, Abadiñok laugarren aldiz jasoko ditu Bizkaiko Psikologia Elkargoak sustatutako 'Psikologia Kalean' jardunaldiak. Edizio honetan bi hitzaldi eskainiko dituzte proiektuan parte hartzen duten profesionalek: antsietateari buruzkoa izango da bata, eta nerabezaroan laguntza emozionala emateari buruzkoa bestea.
Juanan Tejero Maesok eskainiko du lehenengo saioa, astelehenean, ekainaren 2an, 18:00etan, Errota Kultur Etxean: Aurkitu zure oreka: Eguneroko bizitzako antsietatearen maneiua. Tejeroren arabera, antsietatea da estresari eta inguruan izaten ditugun aldaketei ematen zaien erantzun naturala, eta, saioaren bitartez, oreka bat bilatzen laguntzea izango da xedea.
Ostegunean, ekainaren 5ean, izango da bigarren saioa, 18:00etan, Errota Kultur Etxean. Maite Sanchez Palaciosek gidatuko du, eta nerabeen mundu emozionala ulertzeko eta laguntzeko gakoak emango dira. Nerabeen eta gazteen osasun mentalak gero eta kezka handiagoa eragiten du gizartean. Antsietatea, tristura, autolesioak, elikadura-jokabidearen nahasmenduak edo isolamendu emozionala dira bizi-etapa horretan daudenen artean indarra hartzen ari diren adierazpenetako batzuk. Hitzaldi honetan, gazteen osasun emozionalaren egungo egoera zein den aztertuko da, zer faktore sozial eta harreman-faktore egon daitezkeen tartean, eta zer behar duten laguntzen ditugun pertsona helduek. Zehazki, lotura seguruak sortzeko moduari buruz hausnartuko da, nola entzun irizpiderik gabe eta nola lagundu emozionalki errespetuz, hurbiltasunez eta eraginkortasunez. Gurasoentzako, hezitzaileentzako, profesionalentzako eta etorkizuna eta oraina izango direnen ongizate emozionala zaintzeko interesa duen edonorentzako proposamena da.
Buru osasunarekin konpromisoa, bizitzak etapa guztietan
Edurne Maguregi Abadiñoko Udaleko Gizarte Ongizateko zinegotziak azpimarratu du ezinbestekoa dela buru-osasuna zaintzea: “Osasun mentalaren inguruan estigma handia dago oraindik, eta horiek apurtzeko lanean ari da Udala. Funtsezkoa da gure emozioei buruz hitz egiteko espazioak sortzea, arreta profesionala bermatzea eta harreman osasuntsuak eraikitzea”.
Ildo horretan, Maguregik gogorarazi du Psikologia Kalean jardunaldietan parte hartzeaz gainera, Psikobonoak programa ere martxan dagoela. 15.000 euroko partida du ekimenak, eta, horri esker, arreta psikologikorako bonoak eskaintzen dituzte, prezio murriztuan: “250 bono jarri ditugu herritarren eskura, guztiek izan debaten arreta profesionala jasotzeko aukera. Izan ere, gure osasun mentala zaintzea gure bizitzak zaintzea da”. Horrez gainera, azpimarratu du zahartze aktiboari eta ongizateari buruzko lau hitzaldi ere egin direla Psikologia Elkargoarekin lankidetzan: “Saio horietan, nahi gabeko bakardadea eta narriadura kognitiboa, zaintzaileen lana, sexualitatea helduaroan eta tratu txarren prebentzioa bezalako gaiak jorratu dira. Azken saio hori baino ez da falta zikloari amaiera emateko”.
“Pertsonak erdigunean jarriko dituzten politika publikoen alde egiten dugu, herritarrek euren burua entzuteko, hobeto zaintzeko eta epairik gabe laguntzeko baliabideez hornituta egon daitezen. Abadiñon ez du inork sentitu behar bakarrik edo baliabiderik gabe dagoela”, gaineratu du Maguregik.
Ostegunean abiatu zituen Psikologia Kalean jardunaldiak Bizkaiko Psikologia Elkargoak. Abadiñoz gainera, Bilbon, Barakaldon eta Zallan egingo dituzte saioak, besteak beste. Denera, 45 profesional baino gehiagok parte hartuko dute, eta psikologia herritarrengana hurbiltzen saiatuko dira, Begoña Rueda Bizkaiko Psikolologoen Elkargoko dekanoak aurreratu duenez: “Saio horien bitartez, herritarrei erremintak ematea da gure helburua, eta Psikologia Elkargoko profesionalen lana ezagutaraztea”. Saio guztiak doakoak izango dira.