Herritarrak hondakinen prebentzioaren eta kudeaketa egokiaren garrantziaz jabetzea helburu duen Let's Clean Up Euskadi! izeneko ingurumen-garbiketa kanpaina Bermeora helduko da larunbat honetan, maiatzaren 31n. Bertan, herritarrek modu aktiboan hartuko dute marte, herria garbi mantentzen. Bermeoko Udalak jarri du martxan ekimen hau, Ura Gara talde ekologistarekin elkarlanean.

Let’s Clean Up Euskadi! ekimena Europa mailako Let’s Clean Up Europe! dinamika zabalaren baitan kokatzen da, eta bereziki hondakinak uzteko ohiturari aurre egitea du xede, guztiok sortzen ditugun hondakin horiek saihestu, murriztu eta birziklatzeko beharra azpimarratuz.

Bermeon, 10:00etan jarri dute hitzordua Talako kantinan. Bertan, ongietorria emango zaie parte-hartzaileei, ekimenaren nondik norakoak azalduko zaizkie eta lanerako taldeak osatuko dituzte. Ondoren, taldeetan banatuta, herriguneko lau gune nagusi garbituko dituzte: Tala eta Tonpoi ingurua, kanposantuko atzealdea eta Aritzatxu hondartza, Baratz-Eder eta San Martin auzoko berdeguneak eta Landabaso industriagunea.

Garbiketa egin ostean, bildutako hondakinak tipologiaren arabera sailkatuko dituzte: ontzi arinak, beira, errefusa… Hartara, bildutakoaren erregistroa egiteaz gain, birziklatze-lana ere erraztuko da.

Antolatzaileek parte-hartzaileentzako gomendio batzuk eman dituzte:

  • Mendiko botak, eskularruak eta arropa erosoak eroan
  • Gogoratu eguzkitako krema, bisera eta eguzkitako betaurrekoak
  • Ez ahaztu ura
  • Jateko zerbait ekar dezakezu
  • Pertsona arduradunen argibideei kasu egin

Ekintza hau familian egiteko aproposa da, eta herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da ingurune garbi eta iraunkor baten aldeko bidean. “Animatu, parte hartu eta gozatu goiz eder bat naturarekin harremanetan! Keinu txiki bakoitzak bere garrantzia du, guztion artean Bermeo txukunago bat izango dugu!”, adierazi dute udal ordezkariek.