Psikobonoak programa indartuko du Abadiñok
Guztira, 15.000 euroko aurrekontua izango du ekimenak, eta 250 bono eskainiko dituzte prezio murriztuan
Abadiñoko Udalak 15.000 euroko partida bideratuko du Psikobonoak programa indartu eta zabaltzeko. Horri esker, arreta psikologirako 250 bono eskainiko dira prezio murriztuan, herritarren osasun mentalaren zaintzan aurrerapauso handia emanez.
Abadiñoko Udalak Psikologia Elkargo Ofizialarekin elkarlanean bultzatutako proiektuak terapiarako sarbidea erraztu nahi die herritarrei, bereziki egoera zaurgarrian dauden pertsonei. Eta, horretarako, Udalak oztopo ekonomikorik gabeko laguntza eskainiko die.
Psikobonoetarako sarbidea handitzeko erabakia
Aurtengo berrikuntza handienetako bat gazteei begira egin dute: 14 eta 18 urte arteko gazteek psikobonoak eskatzeko aukera izango dute, inolako ingresorik justifikatu beharrik gabe. Azkenaldian, buru osasunak ardura handia hartu du gazteenen artean, garapen emozionala gakoa baita etapa horretan. Antsietatea, estresa eta bestelako gaitzak asko hazi dira adin tarte horretan. Datuak kezkagarriak dira: 15 eta 19 urte arteko gazteen %5,5ak antsietate-nahasmendua du, eta %30 baino gehigok diote eurentzat ohikoa dela antsietatea izatea. Era berean, suizidio kasuak ere nabarmen igo dira adin tarte horretan; hortaz, iruditzen zaigu garrantzitsua dela prebentzio-estrategia eraginkorrak ezartzea.
Era berean, egoera zaurgarrian dauden pertsona helduak —desgaitasunen bat dutenak, dependentzia edo lanerako ezintasuna dutenez euren familia-unitatearen menpe daudenak, besteak beste— diru-sarrerak justifikatzeaz salbuetsita egongo dira.
Proiektuan interesa duten gainerako herritarrek irizpide ekonomiko jakin batzuk bete beharko dituzte familia-unitatearen eta urteko diru-sarreren arabera:
- Pertsona bakarra: urteko diru-sarrerak 20.500 euro baino txikiagoa izan behar du.
- Bi pertsona: urteko diru-sarrerak 26.500 euro baino txikiagoa izan behar du.
- Hiru pertsona: urteko diru-sarrerak 29.000 euro baino txikiagoa izan behar du.
- Lau pertsona edo gehiago: urteko diru-sarrerak 31.500 euro baino txikiagoa izan behar du.
Horrez gainera, beharrezkoa izango da Abadiñon erroldatuta egotea eskabidea egin ahal izateko.
Programaren funtzionamendua
Psikobonoen onuradunek bost euro ordaindu beharko dituzte saio bakoitzeko, Udalak 60 euroko diru laguntza emango baitu saio bakoitzeko.
Pertsona bakoitzak lau bono eskuratu ahalko ditu gehienez, baina hamar saiora luzatzeko aukera egongo da. Beti ere, profesionalak saio kopurua luzatzea beharrezko ikusten badu.
Deialdia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean zabalduko dute izen-ematea, eta zabalik egongo da urte osoan. Eskaerak Abadiñoko Udalean zein Traña-Matienako udal bulegoan egin ahal izango dira.
Eskaera egiteko, beharrezkoa izango da NANa eta errenta aitorpena aurkeztea, dirusarrerak justifikatzetik salbuetsita dauden kasuetan izan ezik. Hau da, 14 eta 18 urteko gazteek eta egoera zaurgarrian dauden pertsona helduek ez dute errenta aitorpena aurkeztu beharko.
Profesionalei dagokienez, aurreko aldiko berdinak izango dira, jarraipena eta zerbitzuen kalitatea bermatu ahal izateko.
Edurne Maguregi Gizarte Ongizateko zinegotziak osasun mentalaren gaia normalizatzearen garrantzia nabarmendu du: “Osasun mentalaren inguruan estigma handia dago oraindik, eta horiek apurtzeko apustua egin nahi du Udalak. Arazo emozionalak ikusarazi nahi ditugu, horiei buruz arduraz hitz egin, eta herritar guztiek arreta profesionala jasotzeko aukera izan dezatela bermatu, adina edo egoera edozein dela ere. Programa hau ez da tresna bat soilik, aukera bat baizik, herritar guztiek ongizate emozionala zaindu dezaten". Gaineratu du ongizate emozionala erdigunean jarriko duten politikak bultzatzen jarraituko duela Abadiñoko Udalak: “Gure osasun mentala zaintzea gure bizitzak zaintzea da”.