Datorren astelehenetik, hau da, apirilaren 28tik maiatzaren 9ra bitartean, Ermuko Lobiano kulturguneak Pintura Ikasleek egindako lanak jasoko ditu. Erakusketa asteko lanegunetan bisitatu ahal izango da, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, maiatzaren 1ean eta 2an izan ezik, itxita egongo baita langileen eguneko jaiegunak dakarren zubiaren ondorioz. Sarrera librea eta erabat doakoa izango da.

Pintura Eskolako arduradunek erakusketa bisitatzeko dei orokorra egin dute. Erakusketa honen antolaketa, muntaian eta garapenean familiek parte hartuko dute eta bildumak ikasleen lan koloretsu eta askotarikoak aurkeztuko ditu. Cristina Sánchez arte terapeuta eta irakaslearen hitzetan, "lan bakoitzak ikasleen talentua, emozioa eta pasioa islatzen ditu, beren ideiei bizia emateko hainbat teknika eta material aztertu eta erabili baitituzte. Erakusketa artistiko bat baino gehiago da, egile bakoitzaren sormenaren eta adierazpen pertsonalaren bidezko bidaia" adierazi du.

Eskolako arduradunek mezua bidali diete familiei, margolaritzaren eta marrazketaren artean ikasten eta trebatzen ari direnen proposamenak bertatik bertara ezagutzera gonbidatzeko. Herritar guztiei Eskolara hurbiltzeko gonbite zabala egiten diete baita ere, "artea atzeman eta sormena trazu, kolore eta forma bakoitzean adierazten den espaziora. Zatozte arteak konektatu, inspiratu eta eraldatzen duen giroaz gozatzera. Zuen zain gaude!" adierazi dute eskola kideek.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo Lobianoko Pintura Eskolara -hirugarren solairuan- edo idatzi pinturaeskolalobiano@gmail.com postontzi elektronikora.