Abadiñoko Udalak lizitazio publikora aterako du Astolako igerilekuetako araztegiak berritzeko lanen proiektua. Horrela, erantzuna emango dio udal instalazioen behar nagusietako bati, igerilekuetako arazketa sistema berrituz. Hala, pixkanaka-pixkanaka herritarrentzako zerbitzuak hobetzeko helburuaren inguruan aurrerapausoak ematen jarraitzen du Udala. Horretarako, 350.000 euro baino gehiagoko aurrekontua bideratuko da.

Aurreko legealdian egin ziren erreformetan ez zen arazketa sistema kontuan hartu. Araztegiak bizitza erabilgarriaren amaierara iritsi dira, eta berritu egin behar dira. Udalak, araztegien diseinu kontzeptualari eutsiz, araztegiak osorik berritu nahi ditu, ekipamenduak hobeto antolatzeko eta zaharkituak daudenak eraginkortasun energetikoa hobetuko duten beste batzuekin ordezteko.

Hamazazpi asteko epea aurreikusi du Udalak, eta 4 aste inguru beharko dira igerilekua erabili gabe. Guztira 358.485 euroko aurrekontua (BEZ barne) bideratuko du Abadiñoko Udalak. Interesdunek apirilaren 7ra, astelehena, arte aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak.

Urteko geldialdi teknikoarekin gainjartzea

Azken urteotan, mantentze-lanak egiteko instalazioen urteko geldialdi teknikoa udaberrian egin da. Aurten, arazketa sistema berritzeko lanek igerilekuen 4 aste inguruko itxiera behar dutela kontuan hartuta, geldialdi teknikoa udako denboraldiaren amaieraren eta 2025-26 ikasturtearen hasieraren artean egingo da.

Behin lanak lizitatuta, geldialdiaren datei buruzko xehetasun gehiago emango dituzte.