Datorren ostegunean, apirilaren 10ean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Abadiñoko biztanleek Zelaietako probalekua aisialdirako gune bezala nola egokitu erabakitzeko aukera izango dute. Udalak herritarren iritzia kontuan izan nahi du, eta horretarako kontsulta bat egingo du Txanporta kultur-etxean. Bertaratzerik ez izatekotan, proposamenak online jasoko dituzte baita ere, Parte Hartu Abadiño webgunean. Maiatzaren 5era arte egongo da proposamenak bidaltzeko aukera.
Prozesuaren fase desberdinak aurkeztuko dituzte lehen saio parte hartzailean, eta herritarren ideiak eta proposamenak ere bilduko dituzte. Haren ondotik, aurrez aurreko jardunaldi bat egingo dute probalekua erabiltzen duten kolektibo desberdinekin, euren iritziak ere aintzat hartzeko: kirola, kultura, hezkuntza, auzo elkarteak…
Bigarren saio parte hartzailea, berriz, maiatzaren hasieran izango da: ordura arteko proposamenak aztertzen eta zehazten hasiko dira. Ondoren, Udaleko teknikariek hilabete bat izango dute proposamenen bideragarritasuna aztertzeko eta egingarria den ala ez erabakitzeko.
Egingarriak diren proposamenak uda aurretik aurkeztuko dituzte, hirugarren saio parte hartzailean, eta orduan erabakiko dute zein proposamen lehenetsiko duten.
Abenduan itxi zuten 2024-25eko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuko bozketa fasea, eta Zelaietako probalekua estalitako aisialdirako espazio bezala erabiltzeko egokitzea izan zen gehien bozkatutako proiektua. Horrez gainera, bidegorri sarea Atxondora arte iristeko proiektua diseinatzea eta pilak, olioa eta ohiko zaborrontzietan bota ezin daitezkeen material txikiak jasotzeko edukiontzi gehiago jartzea ere badituzte helburu.