Ermuko Udalak martxan jarriko ditu berriro haurrentzako magia eta eskulan tailerrak. Hala, urrian eta azaroan eman ziren tailerrak berreskuratuko ditu, izan zuten harrera bikaina kontuan izanda. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea.
2013., 2014. eta 2015. urteetan jaiotako adingabeentzako magia tailerra euskaraz emango da. Lau saio izango ditu eta liburutegiko hirugarren solairuan egingo dira ondoz ondoko lau asteartetan, 17:30etik 18:30era. Apirilak 1, 8, 29 eta maiatzak 6 dira tailerren datak.
Saio horietan landutako magia-trikimailuek parte-hartzaileen oroimena eta kontzentrazioa frogan jarriko dute, partaideen espiritu kritikoa eta sormena sustatuko dituzte, autoestimua hobetuko eta porrotarekiko tolerantzia indartuko diete.
Gainera, tarte dibertigarria izango dute eta lagun berriak egin ahal izango dituzte. Aurreko tailerreko trikimailuak ez dira izango, desberdinak oraingoan eta, horiek egiteko, kartak, txanponak, billeteak, egurrezko makilatxoak eta koilarak erabiliko dira.
Eskulanen tailerra ere euskaraz emango da, eta 2019an eta 2020an jaiotako adingabeentzat izango da. Beste lau saio egingo dira liburutegiko hirugarren solairuan, ondoz ondoko lau asteazkenetan, 17:30etik 18:30era. Datak apirilaren 2, 9 eta 30a eta maiatzaren 7a dira.
Saio bakoitza gai jakin bati buruzkoa izango da, eta material espezifikoekin lan egingo da: lehena birziklatze-tailer bat izango da, eta bertan jostailuak sortuko dira; bigarrena sukaldaritza artistikoari eskainiko zaio, eta haurrei hainbat elikagai erabiliz beren sorkuntzak egiteko aukera emango die; hirugarren saioan, zapiak apainduko dira eta marrazkiak egingo dira eskuak estanpatzeko teknikarekin. Azkenik, maiatzaren 7ko saioan pintura artistikoa praktikan jarriko da.
Tailer hauek doakoak dira eta horietako edozeinetan izena emateak, plaza lortuz gero, lau saioetara joateko konpromisoa dakar. Plazak mugatuak dira eta izena martxoaren 29ra arte eman daiteke onlineko agiri honen bidez.
Lekuak baino eskaera gehiago badaude plazak zozketaz esleituko dira eta lehentasuna izango dute Ermuan erroldatuta daudenek eta izena ematen duten tailerraren aurreko edizioan parte hartu ez dutenek. Onartutakoen zerrenda udalaren webguneko iragarki-taulan argitaratuko da martxoaren 31n, eta izena eman duten guztiei jakinaraziko zaie.