Astelehen honetan goizean, martxoaren 17an, Udaltzaingoaren 2024ko urteko memoria aurkeztu du Getxoko Udalak. Bertan azaldutako datuen arabera, bigarren urtez jarraian delitu kopurua murrizten jarraitzen du udalerriak.

2022an, 1.000 biztanleko delituen tasa 19koa zen; 2023an 17,2ra jaitsi zen, eta 2024an 16,5ean kokatu zen, herritarren segurtasuna etengabe hobetuz. Jaitsiera horri Udaltzaingoak egindako atxiloketen eta ikerketen % 13ko igoera gehitu behar zaio, eta horrek lan eraginkorragoa eta prebentiboagoa islatzen du. 2024an, 462 jarduera egin ziren, eta 2023an, berriz, 409.

Trafiko seguruagoa eta puntu beltzik gabe

2024ko datu positiboenetako bat da ez zela hildakorik erregistratu udalerrian izandako trafiko istripuetan. Getxok aurrera jarraitzen du bide-segurtasunean, baina oinezkoen harrapaketak ugaritu egin dira, batez ere 65 urtetik gorakoetan. Indize hori murrizteko, harrapaketak prebenitzeko kanpainak indartu dira.

Bizikleta bidezko mugikortasunari dagokionez, istripu tasa pixka bat igo zen, 2023an 33 istripu izatetik 2024an 46 izatera igaro baitzen. Bestalde, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuekin izandako istiluak 11tik 9ra jaitsi ziren. Gainera, nabarmendu behar da Getxok ez duela bide-ezbeharren puntu beltzik, eta horrek bide-segurtasunean aplikatutako neurrien eraginkortasuna berresten du.

Polizia hurbilagoa eta modernoagoa, segurtasunean aurrera egiteko

Getxoko Udaltzaingoak gertutasun eredua indartu du, oinezko patruilak nabarmen handituta, 2023an 982 izatetik 2024an 1.917 izatera igaro baitira. Estrategia horrek ahalbidetzen du kaleetan presentzia handiagoa izatea, herritarren artean konfiantza handiagoa sortuz eta edozein gorabeheraren aurrean erantzun azkarragoa emanez. 

Gainera, modernizazio teknologikoan aurrera egin da, gorabeherak kudeatzeko aplikazio mugikor bat, bideowall berri bat, agenteentzako kamera pertsonalak eta ekitaldi handietako bideozaintza ezarriz. Hobekuntza horiek Udaltzaingoaren laguntza lanari gehitzen zaizkio, 2024an ustekabeko 505 eroriko artatu baitzituen, horietako asko adinekoak.

Herritarren Segurtasunerako zinegotzi Keltse Eigurenek adierazi duen bezala, “Udalak bere bizilagunen segurtasunarekin eta bizi-kalitatearekin duen konpromisoa irmoa da. Prebentzioaren, hurbiltasunaren eta modernizazio teknologikoaren konbinazioak Udaltzaingoaren eraginkortasuna indartzen du, eta Getxo udalerri seguru gisa sendotzen du”.