Mungia, hazkunde ekonomikoaren eta enpresa-berrikuntzaren motorra Mungialdean
Mungiak dagoeneko eskualdeko biztanleriaren % 64 eta inguruko enpresen % 69,51 hartzen ditu
18.000 biztanleak gainditu ostean, Mungialdeko traktore ekonomiko gisa sendotzen ari da Mungia. Udalak hazkunde iraunkorraren eta enpresen dinamizazioaren aldeko apustu garbia egin du, eta pixkanaka-pixkanaka badoaz emaitzak ateratzen. Mungiak dagoeneko eskualdeko biztanleriaren % 64 eta inguruko enpresen % 69,51 hartzen ditu, eta industria-sektorean duen pisua nabarmentzen da, Mungialdeko industriaren % 83,33 biltzen baitu. Langabezia-tasak ( % 8,26) 2008ko krisiaren aurreko mailen antzeko susperraldia erakusten du, udalerria enplegua sortzeko eta egonkortasun ekonomikoa lortzeko erreferente gisa sendotuz.
Ildo horretan, Mungiako alkate Alaitz Erkorekak udalerriaren indar ekonomikoa eta modu iraunkorrean hazten jarraitzeko duen gaitasuna azpimarratu ditu: "Mungia garapen ekonomikoaren eta bizi-kalitatearen arteko orekaren adibide bat da gaur egun. Berrikuntzaren eta erakundeen eta enpresen arteko lankidetzaren alde egin dugun apustuari esker, ekonomia dinamikoa eta erresilientea mantendu ahal izan dugu. Gure herritarrentzat aukerak sortzen dituzten eta Mungia Bizkaiko motor ekonomiko gisa indartzen duten ekimenak bultzatzen jarraituko dugu".
Inbertsiorako ingurune estrategikoa
Plangintza ordenatu eta iraunkorrari esker, Mungiak eta Mungialdeak garapen ekonomiko orekatua lortu dute, Bizkaiko beste zonalde batzuei eragin zieten industrializazio malkartsua saihestuz. Hazkunde hori ingurumenaren kalitatean eta kutsatu gabeko industria-lurzoruaren erabilgarritasunean oinarritzen da, eta horrek enpresa berriak instalatzea ahalbidetu du, hala nola Arca Catenaria S.A. eta Idertia Soluciones Industriales S.L., Belako industrialdean.
Mungialdeko Behargintza: tokiko garapenerako funtsezko bultzada
Mungialdeko Behargintza ekonomia sustatzeko agentziak, Mungiako Udalarekin lankidetzan, paper garrantzitsua izango du datozen urteetan, industria eta lotutako zerbitzuak indartzeko diseinatutako 2025 Plan Estrategiko berriaren bidez.
Lan-ildo nagusien artean, hauek nabarmentzen dira:
- Enpresen eta erakundeen arteko komunikazioa hobetzea, lankidetza publiko-pribatua eta baterako proiektuen garapena sustatuz.
- Industrialdeak optimizatzea, kudeaketa-planen eta estrategien bidez, jasangarriagoak eta lehiakorragoak izan daitezen.
- Ezagutzaren transferentzia indartzea, Mungialdeko Behargintza enpresetara hurbilduz, haien beharrei erantzun arina emateko.
Gainera, Bizkaia Orekan Sakonduz programaren esparruan, digitalizazioaren eta jasangarritasunaren aldeko apustua egingo da, Suspertze Digitala eta Enpresa Berdea ekimenen bitartez. Tokiko enpresak nazioartekotzeko ere lan egingo da, Salbiderekin eta Elkarrekin Mundurarekin, Bizkaiko ekonomia sustatzeko beste agentzia batzuekin lankidetzan.
Mungiako Udaleko Sustapen Ekonomikoko zinegotzi eta Mungialdeko Behargintzako presidente Bakarne Egiak agentziak tokiko garapenaren katalizatzaile gisa duen papera azpimarratu du: "sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana funtsezkoa da Mungialdeko enpresa-sarea indartzen jarraitzeko. Mungialdeko Behargintzatik enpresei laguntzen jarraituko dugu digitalizatzeko, nazioartekotzeko eta erronka ekonomiko berrietara egokitzeko prozesuan, horrela hazkunde iraunkorra eta lehiakorra bermatuz. Hori guztia, herritarrak ahaztu gabe, langabezian dauden mungiarrei laguntzen jarraituko baitugu, lan-orientazioko, prestakuntzako eta bitartekotzako zerbitzuen bidez".
Mungia, erreferentzia ekonomikoa Bizkaian
Horrela, estrategia argiarekin eta proiektu zehatzekin, Mungiak Bizkaiko enpresa-hazkunderako enklabe estrategiko gisa duen posizioa berresten du. Talentua, kalitatezko lurzoru industriala eta berrikuntzarekin konprometitutako administrazioa uztartuta, herria toki aproposa da enpresa-proiektu berriak garatzeko.