Síguenos en redes sociales:

Laguntza eta ongizatea dira Amorebieta-Etxanoko Gizarte Zerbitzuen ardatz nagusiak

Udalak Gizarte Zerbitzuen sare zabala du herritarren eskura, behar gehien duten zornotzarren ongizatea hobetzeko eta babesa eskaintzeko

Amorebieta-Etxanoko Udalak Gizarte Zerbitzuen eskaintza zabala du herritarren eskura, laguntza behar duten zornotzar guztien ongizatea bermatzeko helburuarekin. Udal-baliabideak arreta eraginkorra eta pertsonalizatua eskaintzeko diseinatuta daude eta bide horretan informazioa eta aholkularitza edota kalteberatasun-egoeran dauden pertsonentzako laguntza espezifikoak eskaintzen ditu Udalak, besteak beste. Eta hain zuzen zerbitzu horiek ezagutarazteko, Udala informazio hori jasotzen duen eskuorria banatzen ari da udalerriko etxe guztietan, herritarrek eskura dituzten baliabideen berri izan dezaten.

Gizarte Zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Sistemaren atea dira, eta Eusko Jaurlaritzarekin, Foru Aldundiekin eta Udalekin koordinatuta lan egiten dute. Zerbitzu horien bitartez, gizarte-bazterkeria, mendekotasuna edo babesgabetasuna bezalako egoerei erantzuten zaie, kasu bakoitzerako irtenbide pertsonalizatuak eskainiz. 

Erabiltzaile bakoitzak erreferentziazko profesional bat du alboan prozesu osoan zehar bdielagun, bere egoeraren jarraipen estua bermatuz eta bere beharretara egokitutako laguntza jasotzen duela ziurtatuz.

Zerbitzu integrala, baliabide eta prestazio anitzak

Udalak hainbat prestazio eskaintzen ditu herritarren beharrizanei aurre egiteko. Honako baliabide nagusiak nabarmentzen dira:

  • Informazioa eta aholkularitza Euskal Gizarte Zerbitzuen Sistemaren eskubide eta prestazioei buruz.
  • Akonpainamendu soziala.
  • Etxez etxeko laguntza-zerbitzua (ELZ)
  • Telelaguntza.
  • Zainduz programa, zaintzaileei laguntzeko zerbitzua.
  • Esku-hartze sozioedukatibo eta psikosozialeko zerbitzua. 
  • Adinekoentzako eguneko arreta zerbitzua. 
  • Indarkeria matxistaren biktimentzako edo gizarte larrialdi edo urgentzietarako harrera-pisuak.
  • Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL). 
  • Foru eskumeneko zerbitzuak, hala nola, adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen eguneko zentroa edo egoitzak. 
  • Esku-hartzeen eta kasuen jarraipen jarraitua, arreta egokia bermatzeko.

Zerbitzu hauek egoera ezberdinei erantzuteko diseinatuta daude, hala nola adinekoen bakardadeari, arazo ekonomikoak dituztenei, familia-gatazkei edo bizikidetza-arazoei.

Herritarren zerbitzura dagoen profesional-taldea

Gizarte Zerbitzuetako taldea gizarte-langileek, psikologoek, hezitzaileek eta administrazio-langileek osatzen dute. Taldeak koordinazio estuan lan egiten du, pertsona edo familia bakoitzari egokitutako irtenbideak eskainiz. Helburua ez da bakarrik behar premiazkoei erantzutea, baizik eta epe luzera autonomia eta ongizatea sustatzea.

Udalak gogorarazi nahi du zerbitzu hauek pertsona guztientzat eskuragarri daudela, eta herritarrak animatzen ditu behar duten kasuetan laguntza edo informazioa eskatzera.

Non eskatu laguntza?

Gizarte Zerbitzuei buruzko informazioa jaso edo hitzordua eskatzeko, herritarrek hainbat arreta-puntutara jo dezakete. Nafarroa Zentroa, Nafarroa kalean (1. solairua) kokatuta dago, eta bertara joan daitezke edo harremanetan jarri ongizatea@amorebieta.eus helbide elektronikoaren bidez edo 946 300 002 telefono zenbakira deituz.

Beste aukera bat Nagusi Aretoa da, Gudari kalean (6. zenbakia), non herritarrek arreta pertsonalizatua jaso dezaketen. Kasu honetan, kontsultak egiteko helbide elektronikoa nagusiaretoa@amorebieta.eus da.

Horrez gain, Herritarren Arreta Zerbitzua (HAZ) ere eskuragarri dago informazioa jasotzeko eta eskaerak kudeatzeko. Bertara joateko, 94 630 00 02 edo 010 telefono zenbakietara deitu daiteke, edo haz@amorebieta.eus helbidera idatzi. Zerbitzua astelehenetik ostiralera eskuragarri dago 7:30etik 15:00etara.

“Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarrak animatzen ditu Gizarte Zerbitzuei buruzko informazioa jasotzera eta baliabideak behar dituztenean erabiltzera. Pertsona guztien ongizatea lehentasunezkoa da, eta zerbitzu hauek behar duten guztientzat prest daude, laguntza eta babesa eskainiz”, amaitu du Sonia Cabezak, Gizarte Ekintzako zinegotziak.