Datorren igandean goizean, martxoaren 16an, Untzama parajeko magaletan 200 haritz landatzeko jarduera antolatu du Artarrai Mendi Taldeak, Ermuko Udalaren laguntza eta elkarlanarekin, Zuhaitz Eguna ospatzeko. Ekintza 10:00etan hasiko da. Hirigunetik hurbil eta edonor erraz iristeko moduan dagoen lekua denez, jendea joatera animatzen dute antolatzaileek.

Hori da edizioaren alderdirik azpimarragarriena, aurten landaketa gunea lekuz aldatuko baita. Aurreko ediziora arte "Joxio" zelaietan egin izan da eta aurten, berriz, Untzamako magaletan landatuko dira 200 haritz inguru.

'Artarrai Mendi taldeak' ermuar guztiei parte hartzeko deia egiten die. Topagunea, aurreko edizioetan bezala, Patxi plazan eta goizeko 10:00etan izango da. Taldea Untzamara abiatuko da, Santa Ana auzotik eta osasun zentroaren aurretik, Elorretako baserrietaraino doan Abeletxerako bidetik. Landatzeko lekura iritsitakoan, jarduera gauzatzeko behar den materiala banatuko da (aitzurrak eta palak).

Ekimen honekin naturari eta gure inguruari lagunduko diogu. Ez dugu ahaztu behar zuhaitzek ingurumenaren kutsadura arintzeko gaitasuna dutela, eta oxigenoz hornitzen gaituztela. Gainera, klima-erregulatzaileak dira, eguzki-erradiazioa, haizea eta hezetasuna kontrolatzeko duten gaitasunagatik; halaber, uraren zikloa erregulatzen dute, lurzoru emankorrak eratzen dituzte eta gure inguruneari balio estetikoa ematen diote, natura- eta kultura-ondare bihurtuz.

Horregatik guztiagatik, 'Artarrai Mendi Taldea'k parte hartzera eta egun honetaz gozatzera gonbidatzen ditu herritar guztiak.