Tradizioari eutsiz datorren otsailaren 23an Mendata festa giroan murgilduko da bi ospakizun bereziekin: Zuhaitz Eguna eta Basatozte Eguna. Jardunaldia 11.30ean hasiko da Zuhaitz Eguna ospatuz. Elkargunea Artape aurrean izango da, eta bertatik Kalbariorantz abiatuko dira parte-hartzaileak. Han, aurreko urteetan landatutako zuhaitzak bisitatu eta zuhaitz berriak landatuko dituzte. Ekitaldi honek, naturaren zaintza sustatzeaz gain, paisaia errespetatzearen eta babestearen garrantzia haurrei transmititzeko aukera emango du.
Bestalde, 13:00etatik aurrera, brasak prest egongo dira eta Taberna Barriren inguruan Basatozte Egunari hasiera emango zaio. Tradizioak agintzen duen bezala, zotzekin txorizoak egingo dira, suaren inguruan une goxoak partekatuz. Parte-hartzaile bakoitzak bere zotza ekarri beharko du.