Astearte honetan goizean, Getxoko Udalaren Modernizazio eta Eraldaketa Digitaleko zinegotzi den Zaloa Campillok GetxoBai plataforma digital berria aurkeztu du. Udalak herritarrek beren zergak, tasak eta beste administrazio-prozedura batzuk errazago eta segurtasun handiagoz kudeatu ahal izateko jarri du martxan plataforma hau.

Campillok, “proiektu honek herritarren beharrei erantzuten die, udal zerbitzuetara modu arin eta errazagoan sartzea ahalbidetuz. Administrazioaren digitalizazioari esker, bizilagunek erosoago, azkarrago eta efizienteago egin ahal izango dituzte kudeaketak, arazorik gabe, beharrezkoak ez diren izapideak egin gabe eta joan-etorririk gabe. Horrek Udalarekin duen esperientzia hobetzeaz gain, arreta hurbilagoa, irisgarriagoa eta kalitate handiagokoa ere bermatuko du”.

Campillok azaldu duen bezala, proiektu hau Udal Eraldaketa Digitaleko estrategiaren parte da (GetxoBAT proiektua), eta 2025ean inplementazio-fasean sartu da, guztira 7 milioi euroko inbertsioa duela, eta horietatik ia 4 milioi euro finantzei dagozkie. “Modernizazio horri esker”, adierazi du Campillok, “Udalak administrazio modernoagoa, sinpleagoa eta eraginkorragoa izateko bidean aurrera jarraitzen du. Zerbitzu arinagoa eta irisgarriagoa eskaini ahal izango du, itxaronaldiak murriztuz eta zergen kudeaketa erraztuz. Gainera, Ogasunaren arloan, eragin esanguratsua izango du, udalaren diru-sarrera propioen urteko bilketaren eraginkortasunean gutxienez % 3ko hobekuntza espero baita”.

Burokrazia gutxitu, erraztasun gehiago eman eta erroreak murriztu

GetxoBairekin, herritarrek Udalarekin izango duten harremana arinagoa izango da. Jada ez da hainbeste izapide aurrez aurre egin beharko, errazagoa izango da kontsultak egitea eta ordainketak kudeatzea, eta zerga-informazioa gardentasun handiagoz eskuratu ahal izango da. Zerga-administrazioa modernizatzeak aukera emango du "ordaindu behar duenak egin dezan; dagoeneko egiten duenak ez dezan zenbateko handiagoan egin behar". Udal datu-baseak eguneratzeari eta kudeaketa-tresnak hobetzeari esker, akatsak murriztuko dira eta diru-bilketa bidezkoagoa eta orekatuagoa bermatuko da.

Orain arte, eraldaketa digital horretan funtsezko urratsak eman dira, hala nola:

  • Ordainketa-prozesuak bateratzea eta sinplifikatzea.
  • Udal ikuskapen fiskaleko zerbitzua abian jartzea, sistema orekatuagoa bermatzeko
  • Akordioa Bizkaiko Foru Aldundiarekin, kobrantzen kudeaketa hobetzeko
  • Datuak digitalizatzea, ordainagirien eta izapideen kudeaketa optimizatzeko
  • Kontrol eta segurtasun handiagoa udal-baliabideen kudeaketan

Gabeziak zuzendu eta diru-bilketa hobetu

Sistema hobetzeak zergen kudeaketaren gaineko kontrol handiagoa ahalbidetuko du, pro-zedurak argiagoak eta eraginkorragoak izango direla ziurtatuz. “GetxoBai”ri esker, gainbegi-ratze-mekanismoak indartu egiten dira, administrazioa eraginkorragoa izan dadin eta hobeto aprobetxa daitezen udal-baliabideak.

Isunen eta zergen 60.000 ordainagiri preskribatzeari buruzko azken berriak, 7,3 milioi euroko galera ekarri duenak, agerian utzi du prozesu administratiboak indartzeko beharra. Hala ere, Udalak ez du murrizketa ekonomikorik jasango, 20 milioi euroko hornidura baitu kaudimengabezietarako, eta horietatik 16,2 milioi bi urtetik gorako antzinatasuna duen zorrari dagozkio.

Bost urtean 6 milioi euro baino gehiago aurreztu

Eraldaketa digitalaren eraginaren azterketak adierazten duenez, ezarpenaren hirugarren urtetik aurrera, eraginkortasun ekonomikoak egindako inbertsioa gaindituko du, eta bost urtean 6 milioi euro baino gehiagoko aurrezpen metatua sortuko du.