Bermeon 93 zuhaitz eta zuhaixka landatuko dira udalerriko hainbat gunetan datozen egunetan; azken aldian egin den zuhaitz landaketarik handiena izango da urtarrilean egingo dena.
Zuhaitz landaketen aurrekontua, guztira, 11.064,90 eurokoa da, eta udal lorazainak arduratuko dira landaketa horiek egiteaz. Lehenengo aleak Atalden landatu zituzten eta aurrerantzean hainbat lekutan jarriko dira; hala nola, Talan, San Martineko kalistenia gunean, San Migeleko parkean eta Adubidxe kalean, kanposantu aurreko aparkalekuan, Esparrun, Erretenen, Haurreskolan eta Aritzatxu Bidean. Guztira 68 zuhaitz jarriko dira herrigunean.
Beste 25 zuhaitzak Bermeoko Udalak Matxitxako aldean daukan lursail batean landatuko dira, Peruaristin, hain zuzen ere.
Landatuko diren zuhaitz gehienak bertoko espezieak dira. Kasu batzuetan hildako zuhaitzak ordezkatuko dira, eta beste batzuetan landaketa berriak izango dira.
Landaketaren helburua da zuhaitzen kopurua handitzea, herritarren bizi kalitatea hobetzeko, eta baita ere aldaketa klimatikoaren aurrean herrigunea hobeto babesteko, zuhaitzek gerizpea eta giro freskoagoa sortzen baitute.