MusikagazFest jaialdia 2023an aurkeztu zen lehen aldiz, musika sortzaile gazteen lana indartzeko, artista berriei ikusgarritasuna emateko eta kulturaren esparruan euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Ordutik bi urte igaro dira eta larunbat honetan, hilak 25, hirugarren edizioa ospatuko da herriko hainbat agertokitan. Aurtengoan, 11 kontzertu izango dira eta, besteak beste, Kai Nakai, Zilibito Records, DJ Kene, Eztandap eta Albina Stardust artista eta taldeen kontzertuak nabarmentzen dira.

Emanaldiak 13:00etatik aurrera hasiko dira eta agertoki nagusi izango dira Arraibi plaza, Euskal Herria plaza, Zelaieta kontzertu gela, Amorebieta IV frontoia, Zezilia Gallartzagoitia kalea eta Vintage taberna. Emanaldiez haratago pintxo pote berezia ere egingo da, 14:30etatik 16:00etara, Urtza Tabernan, egunari ukitu gastronomikoa gehituz.

“MusikagazFest talentu gaztearen eta euskal kulturaren aldeko apustu sendoa da. Jaialdi honek kalitatezko aisialdiko alternatiba eskaintzen die gure gazteei, eta ezinbesteko erakusleiho bihurtzen da beren bidea ekiten ari diren euskal artista eta talde gazteentzat”, adierazi zuen Ainhoa Salterain alkateak atzoko agerraldian. Berarekin Koldo Bilbao Kultura zinegotzia, Beñat Gaztelurrutia Gerediaga Elkarteko kudeatzailea, Ruth Manzano Musika Bulegoko ordezkaria eta Kai Nakai abeslaria izan ziren.

Eguneko programazioari dagokionez, Larru eta Lagunak taldeak irekiko du jaialdia. Ondoren, Naz bandaren txanda izango da (14:00etan) eta ordubete geroago DJ Kene arituko da Euskal Herria Plazan. Bertan, Eztandap taldeak arratsaldeko lehen kontzertua eskainiko du (17:00etan) eta 18:30ean musika Vintage tabernara eramango da Heriotz bandaren eskutik. 19:30ean Zilibito Records izango da protagonista Amorebieta IV frontoian eta hurrengo emanaldiak Aria, Mirari eta Ziraun taldeenak izango dira. Amaitzeko, Kai Nakairen kontzertua eta Albina Stardusten emanaldia izango dira.

Zentzu horretan, larunbateko protagonista izango den Kai Nakai abeslarik herritar oro animatu zuen jaialdiaz gozatzera. “Kalitatezko artista eta talde ugari batuko dira herriko kaleetan eta benetan aukera paregabe izango da euskal musikaz eta euskal kulturaz doan gozatzeko. Beraz, animatu eta zatozte Amorebieta-Etxanora!”, amaitu zuen.