Síguenos en redes sociales:

San Silvestre lasterketak aldaketak eragingo ditu zirkulazioan Galdakaon

Galdakaoko Udalak ezagutzera eman du astelehen honetan bihar, abenduaren 31n, urteari agur esateko ospatuko den San Silvestre lasterketak udalerriko zirkulazioan aldaketak eragingo dituela. Zirkuituak udalerriko kale nagusiak zeharkatuko ditu, eta, beraz, errepide mozketa batzuk egongo dira hirigunean. Horrek erdiguneko autobus geltokiei ere eragingo die, ez baitira erabilgarri egongo.

Zehazki, 15:00etatik 20:00etara Juan Bautista Uriarte kaleko, Lapurdi/Altzadi eta Altzadiko biribilguneko geltokiak funtzionamendurik gabe geldituko dira. Behin-behineko geltokiak Gernika kaleko 5. zenbakian (Bilborako noranzkoan) eta Maximo Moreno parkean (Gipuzkoarako noranzkoan) izango dira. Metrorako autobus zerbitzua erabiltzeko geltokia Pintxazo biribilgunean egongo da.

Trafikoari dagokionez, aipatzekoa da 08:00etatik aurrera debekatuta egongo dela Juan Bautista Uriarte, Zamakoa eta Lapurdi kaleetan (Zamakoa eta Altzadi artean) aparkatzea. 15:00etatik 20:00ak arte Juan Bautista Uriarte kalea Plazakoetxetik Udaletxeraino eta Zamakoa kalea Pintxazoaren biribilguneraino ibilgailuentzat moztuko dira. Era berean, 17:20tik 18:00etara Zamakoa kaletik Altzadiko biribilgunerako sarbidea moztuta egongo da.

Bestalde, 15:00etatik 19:30era ezin izango da Juan Bautista Uriarte kaleko garajeetara sartu, ez eta Ganekogorta kalekoetara ere, eta Euskadi kaleko zirkulazioaren noranzkoa aldatuko da. Azkenik, 15:30etik 20:00etara ezin izango da Errekalde bidean sartu, baimendutako pertsonak eta auzokideak izan ezik.