Gaur 19.00etatik aurrera Markina-Xemeinek Kultura Sariak banatuko ditu, herriko pertsona eta erakundeek kulturaren alde egiten duten lana nabarmendu eta ikusarazteko. Sarituak Ander Lipus zuzendari, ekoizle eta aktorea, Garbiñe Arrate Urigoitia, Markinako lehenengo andereñoetako bat, Zerutxu Dantza Taldea eta Ahaztuen Oroimena elkartea izango dira.
Iaz Kirolaren sariak eman ziren bezala, oraingoan Kultura eta Kirol Batzordeak sariak Kulturari ematea erabaki du. Aurten lau sari emango dira eta horietako hiru Kultura eta Kirol Batzordean egindako bozketa bidez aukeratu dira. Mari Eli Ituarte, Udaleko Kultura zinegotziak azaldu duenez, “Markina-Xemeingo eragile eta elkarteen artean egindako eta adostutako zerrenda batetik”.
Sari horietako bat Zerutxu Dantza Taldearentzat izango da, euskal kultura, folklorea, ohiturak eta dantzak 50 urte baino gehiagoz zabaltzeagatik. Dantza eta folklorearen aldeko apustua eginez, sustraiak ikertu, aztertu, sendotu eta zabaldu dituzte, baita garai batean galdu edo debekatutako dantzak eta doinuak berreskuratu ere. Bigarrena Ahaztuen Oroimena elkartearentzat izango da, Lea Artibain hainbat proiektu abian jarriz memoria historikoaren balioa berreskuratzeko, mantentzeko eta zabaltzeko egindako ahaleginagatik. Eta aukeratutako hirugarren saria Garbiñe Arraterentzat izango da, Zerutxu ikastolako lehen garaietan irakasle bezala euskararen alde egindako lanagatik.
Azkenik, laugarren saritua Udalak aukeratu du eta Ander Lipusentzat izango da. Aitortu duten bezala orain arte ez dute antzerki lana behar bezala baloratu, hori dela eta aurten Iñigo Ibarra zuzendari, ekoizle eta aktore markiñarra sarituko dute, artistikoki Ander Lipus bezala ezagutzen dena.
Sari banaketa ekitaldia gaur, abenduak 27, arratsaldeko 19:00etan izango da Esperanza aretoan. Sarrera doakoa izango da, baina bertaratu nahi dutenek gonbidapena doan eska dezakete udaletxeko kutxazainean; edukiera mugatua denez, nortasun agiri bakoitzarekin lau gonbidapen har daitezke gehienez.