Asteazken honetan goizean, abenduaren 11n, inauguratu egin du Abadiñok BiziPark berria, Traña-Abadiñoko Euskotren geltokiaren eta Haurreskolaren ondoan kokatuta dagoena. Ekimen honekin, udalerrian mugikortasun iraunkorra eta eraginkorra sustatu nahi du Udala.
Proiektu horrek 60.000 euroko dirulaguntza jaso du Bizkaiko Foru Aldundiarengandik, eta, horrela, udalak berretsi du ingurumenarekin lotuago eta errespetatuago egongo den lurralde bat sortzeko konpromisoa.
BiziPark Abadiñok bizikletentzako 24 aparkaleku eskaintzen ditu, baita itxiera tenporizatudun 6 banakako segurtasun leihatila eta hargune elektrikoak ere, gailuen karga errazteko. Bizikleten segurtasuna bermatzeko ez ezik, beste garraiobide publiko batzuekiko intermodalitatea sustatzeko ere diseinatutako baliabidea da.
Abadiñoko alkate Mikel Urrutia Galanek BiziParkek udalerrian izango duen eragin positiboa azpimarratu du: "Azpiegitura honek bizikleta egunero erabiltzeko irtenbide segurua eskaintzen die abadiñoarrei. Gainera, tren geltokiaren ondoan dagoenez, bizikleta eta garraio publikoa hobeto uztartzen dira, eta aukera hori erakargarriagoa eta erosoagoa da erabiltzaileentzat. Aldi berean, bidegorrien sarea zabaltzeko eta inguruko udalerriekin lotzeko lanean ari da Abadiño, gizartean ohitura aldaketa hori errazteko, eta, arrazoi ludikoengatik ez ezik, benetako garraio alternatibo gisa ere erabil daitezen. Bide horretan, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean jarraituko dugu".
Bestalde, Sonia Pérez Ezquerra Garraioa, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko diputatuak inaugurazioan nabarmendu duenez: "BiziPark sarea Bizkaiko Foru Aldundiaren apustu sendoa da mugikortasun iraunkorrago, seguruago eta irisgarriago baten alde. Azpiegitura horiekin garraio pribatuaren alternatiba erreal eta eraginkorrak eskaintzen dizkiegu herritarrei, bizikleta garraio publikoaren sarean txertatuz. BiziPark bakoitzak txirrindularien segurtasuna hobetzen du, eta karbono-aztarna murrizten laguntzen du gure lurraldean, bizimodu osasungarriagoa eta ingurumena errespetatzen duena bultzatuz. Gure helburua da sare hau zabaltzen jarraitzea eta Bizkaia mugikortasun iraunkor eta konektatuan erreferente bihurtzea".
BiziPark Abadiñori buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, proiektuaren webgune ofizialera jo dezakete interesdunek. Bertan, funtzionamenduari, lotutako gestioei eta kokapen zehatzari buruzko xehetasunak aurkituko dituzte. Erabiltzaileek bonu bat atera beharko dute BiziPark erabiltzeko, eta epe desberdinetakoak dituzte eskuragarri, urtebeteraino.