Bizkaiko Foru Aldundiak 360.000 euroko aurrekontua bideratuko du Gaza, Libano eta Sudan eremuetara larrialdi humanitarioko laguntza bidaltzeko. Hiru partida berri horiekin, larrialdi humanitarioetarako foru-aurrekontua 1,29 milioi eurokoa izango da 2024an.
Hala iragarri du gaur goizean Ahaldun Nagusiorde eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko foru diputatua den Teresa Laespadak.
Era berean, Laespadak Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela-eta Bizkaiko Foru Aldundiak egindako kanpainaren berri eman du, goiburu honekin: "Gaur, inoiz baino gehiago, Giza Eskubideak aldarrikapen bat baino gehiago dira".
Kanpainak jarraipena ematen dio iazko kanpainari, lelo berarekin eta eremu sozialeko eragile eta erakundeen lankidetzarekin. Kanpaina honetan, erakunde horietako kideak eta zenbait partikular animatu dira haien guztien artean aurpegiz, kolorez eta adin ezberdinez mosaiko bat osatzera, aniztasunaren eta eskubideen ideia hori islatzeko asmoz.
Kanpaina hori eta larrialdi humanitarioko laguntzen berritasunak abenduaren 10aren aurreko egunean aurkeztu dira. Izan ere, abenduaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu, egun horretan NBEk Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala onartu zuen duela 76 urte.
"Inoiz ez dugu ahaztu behar hori; pertsona guztien duintasunaz ari gara, eta bizitza osoa eta eskubide bermatuak izateko zilegitasunaz. "Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak jarraitzen du izaten gure oinarrizko gida".
Kanpainia batez ere sare sozialetan eta mundu digitaleko plataformetan gauzatuko da. Helburua herritar guztiengana iristea da, baina batez ere gazteenen sektorera, "Aldarrikapen Unibertsalak dakarren "duintasunaren ikasgaia ezin baita ahaztu; are gehiago, belaunaldi berri bakoitzarekin berrikusi behar da". "Memoria- eta konpromiso-kanpaina da", azpimarratu du.
Larrialdi humanitarioko azken laguntzei dagokienez, adierazi du hiru proiektu direla UNICEFek Libanon, ACNURek Sudanen eta UNRWAk Gazan garatuko dituztenak, eta bakoitzak 120.000 € jasoko dituela. Guztira, beraz, 360.000 euro.
Hiru ekarpen horiek gehitzen zaizkio 2024ko deialdiaren esparruan finantzatutako larrialdiko eta laguntza humanitarioko 11 proiekturen aurretiko zerrendari; guztira, 880.000 euro. Gehi 50.000 euro, Itsas Salbamendu Humanitarioari zuzeneko laguntza emateko.
Hau da, hiru proiektu berriekin, Bizkaiko Foru Aldundiak larrialdi humanitarioko laguntzarako aurten egingo duen ekarpena 1.290.000 eurokoa izango da.