Bermeok San Martin auzoko jaiak berreskuratu ditu auzolanean antolatu ondoren. Horrela, azaroaren 15etik 17ra bitartean denetariko egitaraua prestatu dute adin eta gustu desberdinetako herritarrentzat. Udalaren laguntzarekin, San Martin Bermeo Auzoko Elkarte Soziokulturalak (SMB) jai hauek berreskuratzea lortu du.

“Musika aldetik, publiko guztientzako kontzertuak antolatu ditugu. Gainera, umeei garrantzia handia eman gura izan diegu (mozorroak, jokoak…), baita kirolari ere; esaterako, San Marton lasterketa berreskuratu dugu, eta eskubaloia kalean ere egongo da, beste hainbesteren artean. Denetarik landu dugu, herritar guztiek ondo pasatzeko aukera izan dezaten”, azaldu dute SMB elkartetik.

Horretaz gain, antolatzaileen helburua jaia auzo guztira zabaltzea izan da. Horregatik, gune nagusia San Martin kalean egongo bada ere –umeentzako parkea eta kalistenia gunea dauden ingurua–, auzo guztira zabaldu dituzte ekintzak, auzoko gune desberdinak erabilita.

Jai hauek berreskuratzeak hainbat helburu ditu. Alde batetik, auzoko jaiak beste auzo batzuetan egiten duten bezala mantentzea, eta bestetik, auzoan bizi diren pertsonek elkar ezagutzea, antolatzaileek aurkezpenean azaldu zutenez, “auzoa asko hazi da, hainbat eremu integratu ditu, baina giza kohesio hori falta zen”.