Beste urte batez, Barakaldoko Udalak martxan jarriko du aurten ere bai udalerriko haurrei bideratutako Gabonetako kolonien edizio berri bat. Aurrekoetan bezala, Udalak 140 plaza eskainiko dizkie familiei, eta horien % 5 dibertsitate funtzionala duten haurrentzat gordeko dira. Ekimena 11 urte arteko umeei bideratuta dago, eta urriaren 28tik 31era bitartean egongo da zabalik matrikulazio-epea, zeina online edo telefonoz (010 zenbakian) eta kultur etxeen eta zentro zibikoen bidez egin ahal izango den. Plazen zozketa elektronikoa azaroaren 5ean egingo da.

Ekimena abenduaren 23-24-26-27-30 eta 31n eta urtarrilaren 2, 3, 4 eta 5ean eskainiko da 3 eta 11 urte bitarteko haurrentzat. Kolonien ordutegia 09:00etatik 15:00etara izango da, baina ordu erdi lehenago sartzeko eta ordu erdi geroago irteteko – 08:30ean eta 15:30ean – aukera egongo da, familien lan-ordutegiekiko bateragarritasuna errazteko. Beti bezala, bi gune egokituko dira, bata, Gurutzetan 35 plazarekin eta, bestea, Barakaldon, erdialdean, 105 plazarekin.

Izen-emateak online egin ahal izango dira, baldin eta etxean ziurtagiri elektroniko bat badute, hala nola B@kQ ziurtagiria – Udalaren webgunea, egoitza elektronikoa eta bilatzailean koloniak adierazita –, 010 zenbakiaren eta kultur etxeetako eta zentro zibikoetako telefonoen bidez.

B@kQ txartela doan eskura daiteke Herritarrentzako Arreta Zerbitzuetan – Herriko Plazan, Gurutzetan eta Clara Campoamorren-, aldez aurretik hitzordua eskatu gabe.

Hiri-kolonien prezioak 9.04 eurotik 89.92 eurora bitartekoak dira, familiaren diru-sarreren arabera, jantokia aukeratzen bada, eta 9.04 eurotik 73.76 eurora bitartekoak janari-zerbitzua ez erabiltzea erabakitzen bada. Bigarren eta hirugarren seme-alaba apuntatzean familiei egiten zaizkien deskontuak kolonietan parte hartzen duten anai-arreben kopuruaren arabera egiten dira; familiek dagokiena baino bat, bi edo hiru tarte beheragokoa ordainduko dute.