Ugao-Miraballesko Udalak jai seguruen aldeko apustua egingo du Udaltzaingoaren zerbitzua indartuz bihartik, irailaren 6tik, hilaren 9ra bitartean ospatuko diren Udiarragako Ama Birjinaren omenezko jaietan. Hala, etengabeko zaintza eraginkorra bermatu nahian, udaltzainak presente egongo dira jaietako gauetan udalerriaren historian lehen aldiz.
Jende gehien biltzen den gauetan, ostiraletik larunbatera eta larunbatetik igandera, hiru agente egongo dira lanean, 22:00etatik 8:00etara. Horrek bermatzen du poliziaren presentzia etengabea izango dela irailaren 6ko 7:00etatik irailaren 8ko 22:00etara. Gainera, astelehenean, hilak 9, ohiko Babarrun Janaren egunean, zaintza 23:30ak arte luzatuko da. Gogoratu behar da Udaltzaingoa une oro Ertzaintzarekin lankidetzan arituko dela, eta Ertzaintza jaietan presente egongo dela Ugaon, segurtasun-dispositibo handiagoa osatuz.
Inoiz ez da maila honetako operatiborik izan Ugao-Miraballesesen. Liskarrak prebenitzeko eta jai-giro segurua bermatzeko beharrari erantzuten dio. Lanak jai-esparruen eta ekitaldien etengabeko zaintzan oinarrituko dira, prebentzioari garrantzia emanez, eta kaleetan presentzia etengabea izango dute. Agenteek herritarren segurtasuna zainduko dute, eta aktiboki lan egingo dute ospakizunak zikindu dezaketen delitu edo gizalegearen aurkako edozein jokabide saihesteko. Harremanetarako telefonoa 686 665 305 da.
Ekaitz Mentxaka Ugao-Miraballesko alkateak herritar guztien segurtasuna eta gozamena bermatzeko konpromisoa hartu du. "Jai Batzordeak jai-egitarau zabala eta askotarikoa prestatu du, eta ahalegin eta ilusio handiz landu dugu, ugaotar guztien gustukoa izan dadin", nabarmendu du. "Udiarragako jaien ezaugarri nagusia giro ona izan da beti, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu. Ez dugu nahi ezerk, ezta inork ere, herrian urteko egunik politenetako batzuk izan behar direnak zapuztea“, azaldu du.
Mentxakak jaiez gozatu nahi dutenak gonbidatzen ditu. "Gurekin egoteko gonbidapena egiten diegu jaiez gozatu nahi dutenei. Gure hiribilduko ateak irekita dituzte, baina bestelako asmoak dituztenei ozen eta argi esaten diegu Ugao-Miraballesen ez ditugula nahi, ez dutela lekurik, ez jaietan, ez inoiz", adierazi du irmo.