Abadiñoko Udala Osakidetzako Barrualde-Galdakao ESIko arduradunekin batu zen ekaineko azken astean, pediatria zerbitzuaren gabeziari irtenbidea eman asmoz. Mikel Urrutia alkateak bileran Osakidetzako arduradunek helarazitakoa jakinarazi du: “Esan digutenez, plazak hautatzeko prozesuan inork ez badu Traña-Matienako osasun zentroko pediatria plaza aukeratzen, egoerak berdin jarraituko du. Proposatzen digutena ezin dugu balekotzat jo, eta Udal eskumena izan ez arren, gure herritarren ongizateak arduratzen gaituelako, lanean jarraituko dugu zerbitzu duin bat izan arte”, gaineratu du.

Datozen egunetan erabakiko dute plazak beteko dituztenek non okupatuko dituzten. Inork ere ez badu hautatzen, aurrerantzean ere egoera berean aurkituko da Abadiñoko pediatria zerbitzua. Horrez gain, hamalau urtetik beherakoen arretak Zelaietan, Zaldibarren, Berrizen edo Elorrion izaten jarraituko du.

Betidanik Traña-Matiena auzoan eskaini izan den pediatria zerbitzua funtsezkoa da familientzat. Hori dela eta, gobernu-taldeak uste du ezinbestekoa dela soluzio egonkorra bilatzea, herritarrei kalitatezko zerbitzua emateko eta alferrikako joanetorriak

saihesteko.

Elkarretaratzeak, irailean

Abadiñoko Udalak elkarretaratzeak deitu zituen ekainean egoera salatzeko eta Osakidetzari irtenbide bat exijitzeko. Joan zen urte amaieratik darama egoerak aldatu barik, eta, Edurne Maguregi alkateordeak maiatzean adierazi zuenez, “ezin dugu zain jarraitu. Pediatraren falta zerbitzuaren narriadura eragiten ari da, eta, gure ustez, beharrezkoa da egoera hori iraultzea. Lanean eta mobilizatzen jarraituko dugu, harik eta herrian kalitatezko zerbitzua lortu arte”. Egoera aldatu ezean, irailean elkarretaratzeak deitzen jarraituko du Udalak.