Getxoko Udalak indarrak batu ditu Elhuyarrekin datorren ikasturtean Bizilabe eskolaz kanpoko euskarazko ekintza martxan jartzeko. Esperimentatu, ikertu eta garatu sormena! lelopean, udalerriko 10 eta 12 urte bitarteko gazteek zientziaz eta teknologiaz modu dibertigarrian eta erakargarrian gozatzeko aukera izango dute.
“Gure seme-alabak zientziara, teknologiara, esperimentaziora eta sormen teknologikora hurbildu nahi ditugu. Aukera berriak ireki nahi dizkiegu, balio erantsi handiko ikasketak, lanbideak eta bizi-proiektuak ezagutu ditzaten. Hori guztia, gainera, euskaraz egin nahi dugu, argi eta garbi erakutsiz neskek ere beren lekua dutela zientzian eta teknologian. Izan ere, teknologiak etorkizuna du, eta euskalduna, berdinzalea eta inklusiboa ere izan behar du. Horregatik, zuen seme-alabak parte hartzera animatu nahi ditugu” nabarmendu du Zaloa Campillo zinegotziak.
Bizilabe ekimenaren berri zabaltzeko Udalak aipatutako gazteen etxeetara bidali du eskutitz bat eta Elhuyar ikastetxetara hurbiltzen ari da hainbat Demo eskaintzera.
Izen ikertzaile/asmatzaile izeneko eskolaz kanpoko saioetan STEM, Zientzia, Teknologia, Injinerutza eta Matematika landuko dituzte eta beste hainbat ekintza gehiagotan ere parte hartzeko aukera izango dute gazteek. Aitziber Lasa, Elhuyarreko Bizilabe programako arduradunak azaldu duenez, “Gazteek Zientzia eta Teknologia landuko dituzte modu praktikoan, esperimentalean eta dibertigarrian. Proiektuak, esperimentuak landu, erronka berriak ebatziko dituzte, ikerketan adituak dien profesionalek lagunduta, mundu profesionalera hurbilduz. Aniztasuna nahi diegu helarazi gaietan, Zientzian eta Teknologian dauden estereotipoak hautsiz, batez ere neskek ere ikus dezaten beren burua zientzian etorkizunean”.
Izen-ematea
Datorren ikasturtean Lehen Hezkuntzako 5. eta 6 mailetako gazteek (2015ean eta 2016an jaiotakoek) aipatutako eskolaz kanpoko jardueran parte hartu ahal izango dute, 2026ko urritik 2027ko maiatzera bitartean, Benta egoitzan (Maidagan 53 zenbakian). Bi aukera izango dira astelehenetan, bata 17:00etatik 18:30era eta bestea 18:30etik 20:00etara. Kuota arrunta 45 eurokoa izango da, familia ugaria edo guraso bakarreko familiakoentzat 30 eurokoa, eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten familiakoentzat 12 eurokoa.
Izena emateko lehen epea datorren uztailaren 6ra arte egongo da zabalik eta hilaren 10ean jakingo dute onartutakoek nola egin beharko duten matrikula. Bigarren epea uztailaren 7tik irailaren 22ra arte izango da. Irailaren 23an jakingo dute onartutakoek nola jokatu beharko duten.