Abadiñoko Udalak aste honetan amaitutzat eman ditu ekainean hasi zituen Gaztelua auzoko baseliza zaharberritzeko lanak. Udala joan den maiatzean lan hauek egiteko adostasunera iritsi zen Bilboko Elizbarrutiarekin eta Gazteluko auzo-elkartearekin batera. Horrela, egun hauetan ospatuko diren Gaztelua auzoko jaietarako prest egongo da bertakoentzako hain berezia den eraikin esanguratsu hau.

“Balio historikoa duen higiezina da, baina, gainera, auzokoentzako bilgunea da betidanik, eta, beraz, hori zaintzen lagundu behar dugu, elementu kohesionatzaile eta auzoaren dinamizazio kultural eta sozialerako gune izaten jarrai dezan”, azaldu zuen Mikel Urrutia alkateak hitzarmena definitu berritan. Behin lanak bukatuta, pozik agertu da “auzotarrek zein hurbilduko diren abadiñarrek elkarguneaz gozatzeko aukera” izango dutelako.

Lanak San Trokaz Parrokiak kontratatu eta gauzatu ditu, eta 63.941,84 euroko inbertsioa suposatu du. Parrokiak berak eta Udalak erdibana ordainduko dituzte Gaztelua auzoko baseliza zaharberritzeko lanak. Izan ere, Erdi Aroko tenplua udalerriaren ondare historiko, kultural eta erlijiosoaren parte da, eta balizko arkeologia-eremutzat hartzen denez babestuta dagoen ingurune batean dago.

Jaiak, ostegunetik igandera

Izan ere, egun handia uztailaren 4a izan arren, bihar, hilak 3, Donien Atxa altxatzearekin batera hasiko dira Gazteluko jaiak. Erromeria, Tortila eta partxis txapelketa, harrijasotzaileak, umeen jolasak… jai borobilak antolatu dituzte auzotarrek ostegun honetatik igandera bitartean.