Lau hilabete iraun duten lanak amaitutzat eman ondoren, astearte honetan goizean ireki da jendearentzat Durango eta Iurreta lotzen dituen corten altzairuzko 45 metroko zubia. Irekiera ekitaldian Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea, Oskar Koka Iurretako alkatea eta Laura Gil Altuna y Uriako Eraikuntza zuzendaria egon dira.

Zubi berriak bi udalerrien irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzen ditu, Iurretako bidegorria Durangoko Landakoko bidegorriarekin lotuz. Pasabide hau irisgarritasunaren, berrikuntzaren eta iraunkortasunaren adibide bat da, materialaren aukeraketari esker: corten altzairua, bere iraunkortasunagatik eta korrosioarekiko erresistentziagatik nabarmentzen dena, eta horrek epe luzerako mantentze-beharra murrizten du.

Durangoko alkate Mireia Elkoroiribe eta Iurretako alkate Oskar Koka, Altuna y Uriako ordezkariekin eta Loiolako sustatzailearekin batera, pozik agertu dira azkenean Durango eta Iurreta lotuko dituen metalezko pasabidea ireki delako, eta obra horrek bi udalerrien arteko loturak sendotzeko duen garrantzia azpimarratu dute. "Pasabide hau urrats esanguratsua da gure udalerrien artean integrazio eta irisgarritasun handiagoa lortzeko bidean. Auzokideen arteko elkarrekintza sustatzeaz gain, oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna erraztuko du, Durango bidegorriarekin eta Iurretako bizikleta-pistarekin modu seguruan lotzen baitu, garraio motordunaren alternatiba jasangarri eta osasungarria sustatuz eta gure herritarren bizi-kalitatea hobetuz".

Herritarrek aukeratuko dute pasabide berriaren izena, datozen asteetan bi udalerrietan martxan jarriko den parte-hartze prozesu baten bidez. Herritarrek hainbat izen proposatzeko eta azken izena aukeratzeko aukera izango dute.