Datorren asteazkenean, maiatzaren 22an, abiaraziko du Durangoko Udalak tokiko kontsumoa sustatzeko helburua duen merkataritza-bonuen kanpainaren edizio berri bat. Bonuak aldez aurretik erosi behar izango dira ekainaren 23ra arte.

Bonu bakoitzak 15 euroko balioa du, eta horietatik 5 euro dirulaguntza bati dagozkio. Durangarrek 10 euro baino ez dituzte ordainduko bonu bakoitzeko. Adin nagusiko pertsona bakoitzak 4 bonu erosi ahal izango ditu NAN bakoitzeko. Bonuen salmenta eta trukea 2024ko maiatzaren 22tik ekainaren 23ra egingo da. Maiatzaren 22tik 26ra bitartean, bonuen erosketa Durangon erroldatutako pertsonentzat baino ez da izango.

Bonuak webgunean (maiatzaren 22tik aurrera) eta Barrenkaleko 17. zenbakian (Herritarrentzako Arreta Zerbitzua) dagoen herritarren kutxazainean egongo dira eskuragarri. HAZaren ordutegia honako hau da: astelehenetik ostegunera 08:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara; ostiraletan 08:00etatik 14:00etara. 10.000 bonu jarriko dira salgai. Erosketa egitean, bonua formatu digitalean jasoko da posta elektronikoz. Webgunetik oraindik trukatu edo iraungi gabeko bonuak berreskuratu ahal izango dira.

15 euroko bonu bakoitza behin bakarrik erabili ahal izango da faktura edo erosketa-tiket bakarrean. Gehienez 15 euroko 2 bonu pila daitezke faktura berean, zenbatekoa eta erositako ondasun kopurua edozein izanda ere. Bonua trukatu ondoren, ezin izango da itzuli. www.bonoa.durango.eus webgunean, parte hartzen duten saltokien zerrenda kontsultatu ahal izango da, eta zerrenda hori etengabe eguneratuko da. Bonuak kanpainari atxikitako denda, taberna eta jatetxeetan erabili ahal izango dira. Alta eskatu ez dutenek bihartik, hilak 21, egin dezakete HAZen edo egoitza elektronikoaren bidez. Establezimendu bakoitzak gehienez 200 bonu trukatu ahal izango ditu. Establezimenduek bezeroei jakinaraziko diete muga hori lortu badute.

"Erosketa bonuen kanpaina aukera bikaina da gure tokiko saltokiei laguntzeko eta Durangon kontsumoa sustatzeko. Herritarrek ekimen hau aprobetxatzea espero dugu, kontsumitzaileei ez ezik, tokiko negozioei ere mesede egiten diena, udalerriko ekonomia dinamizatuz", adierazi zuen Jesica Ruiz alkateordeak.