Getxoko turismo-tasak nabarmen egin du gora Aste Santu honetan, aurreko urtearekin alderatuta. Zehazki, % 17 bisitari gehiago jaso ditu Getxok aurten iazko Aste Santuan eta Pazko astean baino. Bada, epe horretan,Ereagako Turismo Bulegoak eta Bizkaia Zubiaren ondoan dagoen Turismo Informazioko Guneak 2.114 bisitari hartu dituzte aurten.

Aste Santuko egunetan (ostegunetik igandera) bildu zen jende gehien: 1.265 pertsona artatu ziren, bisitari guztien %60 (Ereagako Bulegoak %56 jaso zuen). Jatorriari dagokionez, merkatu garrantzitsuena Estatuko turismoa izan da berriz ere (Madril eta Katalunia buru, eta ondoren Gaztela eta Leon eta Valentziako Erkidegoa): bisitari guztien %59a. Atzerriko eta europar erkidegoko turismoa (Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua, batez ere) %25,5era igo zen.

Eskatutako informazioari dagokionez, 2.568 kontsulta egin ziren, batez ere plano, mapa eta interes turistikoko puntuei buruz (Getxon, bereziki, Bizkaia Zubiari, Portu Zaharrari eta Galeari buruz).

Establezimendu guztien batez besteko okupazioak behera egin zuen aldi horretan, eta %60tik behera geratu zen (iaz %62 izan zen). Kategorien arabera desberdina izan zen, establezimendu batzuek %80ko okupazioak lortu baitzituzten. Batez besteko egonaldiak gora egin zuen pentsioetan eta apartamentuetan, bietan 3 egunetik gorakoa baita; hoteletan, berriz, 2,36 egunekoa izan zen. Estatuko bisitari gehienak Madrildik, Kataluniatik eta Gaztela eta Leondik etorri ziren. Nazioartekoak Frantziatik, Alemaniatik, Estatu Batuetatik, Erresuma Batutik, Italiatik eta Portugaldik etorri ziren. Bisitaren arrazoia, gehienbat aisialdia izan zen, nahiz eta Pazko Astean %21ek negozioengatik egin zuen.

Baliabide turistikoak

Bizkaia Zubiko oinezkoentzako pasabidean 4.544 turista eta bisitari izan ziren. Gehienak Madrildik, Bizkaiko zenbait lekutatik, Kataluniatik, Alemaniatik, Valentziako Erkidegotik, Frantziatik, Gaztela eta Leondik eta Erresuma Batutik zetozen. Kirol-portuak ez zuen joan-etorririk izan aldi horretan.