'Kapitanena 2' izan da Durangoko San Fausto auzoan lehendik dagoen eraikin baten beheko solairuan eranskin gehigarri batekin ezarriko den auzogune berria sortzeko aukeratutako proposamena. Horrela erabaki dute Durangoko Udalak eta bertako auzo-elkarteak.

Proiektu hau prozesu parte-hartzaile baten emaitza da, eta auzoko bizilagunen ekarpen baliotsua izan du; izan ere, Udalarekin lankidetza estuan definitu dute irisgarritasun, jasangarritasun eta hobekuntza komunitarioko idealak betetzen dituen plan bat.

Erabakia lau alternatiba bideragarriren artean eztabaidatu ondoren hartu zen, betiere auzoaren beharrei eta espektatibei erantzutea bilatuz. "Kapitanena 2" proposamena lehenetsia izan zen, bere kokalekuak sor dezaken ingurune inklusibo eta moldakorragatik, eta honek eratu dezaken gizarte-kohesioagatik. Kontuan hartu diren beste aukerak, Kapitanenaren lehen bertsioa (bi solairuko egitura bat), La Terraza tabernaren atzean dagoen lokal berri bat eta Zirarmendieta kalean dagoen lokal bat izan dira.

“Kapitanena 2” proiektuaren diseinuak bizilagunen gomendioak jasoko ditu. Horien artean, eranskinera bideratutako espazioa handitzea eta elizarantz bideratzea daude, ingurunearekin harmonian integratzeko eta multzoaren azalera osoa eta kanpoko partzela hobeto aprobetxatzeko. Azken hori haur-jolasgunerako erabiliko da.

Aurreikusten da, adostutako aldaketekin proiektua ezarri ondoren, beste bilera ireki bat egingo dela, bizilagunei aurkezteko. Aldi berean, dagozkion hirigintza-kudeaketak izapidetzen hasiko da.

Proiektu hau San Fauston egindako edo aurreikusitako hobekuntza ugariei gehitzen zaie, hala nola, aparkaleku-azterketa, komunak instalatzea, eta bizikletak garbitzeko estazioak jartzea, bertan behera utzitako bizikletak kentzea, edukiontziak lekualdatzea, kulunka berriak jartzea eta Zirarmendietako espaloiak hobetzea. Ekimen hauek, Durangoko Udalak bertako auzoekin, hiri-garapenarekin eta herritarren partehartze aktiboarekin duen konpromisoa isladatzen dute.