“Erronkaz betetako” urtea izango dela iritzita, Lekeitioko Udaleko aurduradunek 10.900.057 euroko aurrekontua izango dute aurtengoan erabilgarri, “iazko likidazioa egin ondoren, milioi bat gehiago eskuratzea aurreikusten” delarik. Diru kopuru honekin hainbat izango dira udalerrian garatu nahi diren proiektuak: besteak beste, eta etxebizitza arazoa “oso larria” dela ikurisik, Etxebizitza Turistikoak (ET) arautzeko HAPOaren –Hiri Antolamendurako Plan Orokorra– aldaketa puntuala egingo da; Maderas de Lekeitioko gunean plan zehatza egikarituko da eta “herriaren eta herritarren beharrizanak kontuan hartuta, herria berrantolatuko da; parking sistema berritu, bizikletak eta motorrak aparkatzeko leku berriak, zebra-bideak egokitu…”.

EH Bilduren baiezko botoekin eta EAJren abstentzioarekin, Lekeitioko Udalak beste hainbat ekimen aurrera atera nahi ditu. Bada, eta lurralde garapena eta ekonomiaren alorrean, Maderas de Lekeitioko gunez gain, non “XXI. mendean dituen erronkei erreparatuta, plan zehatza egin beharko” den, Next Generation delako diru funtsetatik milioi bat euro daude udalerrirako. Eta nabarmendu dutenaren arabera, dirulaguntza horrekin “parkingak digitalizatu, Isuntza hondartzaren puntan dagoen Mendieta Ontziolaren eraikina berreraiki –sorosleak, taberna/jatetxea, komunak jarriko dira bertan–, Trinketeko aterpetxean eguzki plakak jarri edota Garraitz irlako eremu erlijioso militarreko aztarnak egonkortuko” dira.

Lekeitio berrantolatzeko ere badira zenbait ekimen. Hala nola, parking sistema berrituko, bizikletak eta motorrak aparkatzeko leku berriak egokitu edota zebra-bideak egokitu. Eta gizarte zerbitzuak eta ongizate alorretan, eta “zaintza erdigunean ipintzeko, lehenengo eta behin, fokoa Lekeitioko egoitzan jarri dugu”. Uribarren-Abaroa egoi-tzan, “errealitatea zein den jakiteko kanpo enpresa batekin diagnostikoa egin da. Hortik letozke ondorengo neurriak”. Hezkuntza arloan, Lekeitioko ikastetxeen artean “hezkuntza ekimen bateratuak” sustatuko dituzte eta eskoletan, patio inklusiboa eraikiko dituzte. Azkenik, parekidetasun alorrean, “herri mailako protokoloa eguneratu eta berriztuko” dela aurreratu dute; gazteria sailean “emantzipaziorako plan osatua” diseinatuko dute; “eskualdeko lurretan baso bat erosiko” da,eta Udal eraikin batzuetan eguzki plakak ipiniko dira, “daudenak konpondu eta energia berriztagarrien udal-sarea” osatuz.

Abstentzioa EAJk zenbait kontu salatu zituen. “Gastu arrunta nabarmen handitu dela, gardentasunik eta herritarren parte-hartze prozesurik eman ez dela eta Lekeitio hobetzen jarraitzeko inbertsio proiektu berririk ez dagoela” izan ziren gai nagusiak. Jeltzaleen “kezkagarritzat” jo zuten EH Bilduk aurkezten dituen aurrekontuetan ez sartu izana “oposizioan zeudenean egiten zituzten ekarpen” batzuk; hala nola, “herrian aterpea sortzea, Abaroa Jauregia berreskuratzea edota Maderas de Lekeitio herriratzeko inbertsioak gauzatzea. Badirudi lehentasunak aldatu direla”, nabarmendu zutenez. Eta, bestalde, “ agerian geratzen ari da ia urte bete daraman gobernu honen inmobilismoa eta etorkizunera begirako herri proiektu falta”. EAJ bost zuzenketa proposatu zituzten –Zumatzeta-San Inazio gunearen berriztatzea, Maderas de Lekeitio herriratzea, Eraztun Berdea amaitzea, etxebizitzen arazoari aurre egitea eta Alde Zaharra birgaitzeko plan berezia eguneratzea– eta egindako ekarpen gehienak onartu zituen udal gobernuak. Hala ere, “2024an zehar jarraipen zorrotza” egingo dutela adierazi zuten, “eskariak burutzen direla ziurtatzeko”.

Aurrekontua

EH Bildu. “Erronkaz betetako” urtea izango dela nabarmenduta, Lekeitioko Udaleko gobernu taldeak (EH Bilduk), 10,9 milioi euroko aurrekontua diseinatu du. “Eta, iazko likidazioa egin ondoren, milioi bat gehiago eskuratzea aurreikusten” dute. Hainbat izango dira proiektuak.

EAJ. Aurrekontuak egiteko prozesua “erabat iluna, zurruna eta pribatiboa” izan dela azaldu zuten EAJkoek. “Ez dira batzordeetatik pasatu eta ez da herri batzarrik ere egin aurrekontuak herritarrei azaltzeko eta ekarpenak egin ditzaten”. “Lekeitio hobetzen jarraitzeko inbertsio proiektu berririk ez dagoela” salatu zuten.