Galdakaoko Udalak aste honetan onartu egin du datorren ekitaldirako aurrekontua, 49 milioi euro baino gehiagokoa izango dena, aurtengoa baino % 5,8 handiagoa. Bi gai nagusi izan ditu udalbatzarraren urteko azken osoko bilkurak: 2024rako udal aurrekontuak onartzea eta parte hartzerako lehen ordenantza onartzea. Horrez gain, adierazpen instituzionala ere onartu da, gabon jaietan suzirien erabilpena murriztea eskatzen duena.
Honakoak dira abenduko osoko bilkurako eztabaidagai nagusiek utzi dutena:
Zerbitzuetara bideratuko da aurrekontuaren erdia baino gehiago; zehazki, 24.934.591 euro. Bide garbiketa, argia, lorezaintza, eraikinen kontserbazioa, gasa eta ura eta enplegua barnebiltzen ditu, besteak beste, arlo honek. Inbertsioen atalak 6.049.231 euroko partida izango du, proiektu berrietarako, azpiegiturak berritzeko, kaleak urbanizatzeko eta abar. Diru laguntzetarako, 4.214.538 euro gorde dira. Udalerriko garapenari, kirolari, kulturari, gizarte ekintzei eta bestelakoei ekarpenak egiten dizkieten erakundeek egitasmo horiek aurrera eraman ditzaten ematen diren laguntzak dira. Langileen gastuetarako, 13.925.454 euroko partida gorde da. Onartutako aurrekontuetan, oposizioko taldeen zenbait proposamen aintzat hartu dira eta Udal Gobernuaren hasierako proiektua 420.000 euroan egokitu da. Udal gobernua osatzen duten EH Bildu (9), Usansolo Herria (2) eta Auzoak (2) taldeen aldeko 13 botoekin onartu dira aurrekontuak, PSEren kontrako 2 botoekin, eta EAJko 6 zinegotzien abstentzioarekin.
Parte hartzearekin lotutako beste bi erabaki garrantzitsu ere hartu ditu udalbatzak: parte hartze ordenantza eta parte hartzerako diru laguntzen oinarriak. Herritarren parte hartzea sustatu eta arautzeko bi neurriak lehen aldiz ezarriko dira Galdakaon eta gobernu taldea osatzen duten hiru taldeen aldeko botoekin onartu da. Oposizioko bi taldeak abstenitu egin dira.
Suziriak, bolanderak eta suak arautu eta murrizteko Adierazpen instituzionala onartu du udalbatzarrak. Gaixotasun jakin batzuk dituzten herritarrei zein animaliei suzirien zaratak eragiten dieten kaltea arintzeko neurri gisa ulermena eskatzen du adierazpenak. EAJk proposatu du testua, eta aho batez onartu da.