Ostiral honetan, abenduaren 22an, ospatutako ezohiko osoko bilkuran onartu egin da hurrengo ekitaldirako Getxoko Aurrekontu Orokorraren Proiektua. Guztira 129.399,234 euro izango ditu eskura Udalak, aurten baino % 7,52 gehiago. Udal Gobernuaren (EAJ/PNV eta PSE-EE) aldeko botoekin, PPren abstentzioarekin eta EH-Bilduren eta Elkarrekin Podemosen aurkako botoekin onartu egin da aurrekontua.
Hain zuzen ere PP alderdiaren abstentzioak, Gobernuak eta alderdi horrek hiru taldeen artean adostutako ekintza jakin batzuk aurrera eramateko akordioa lortu ondoren, aurrekontua onartzea erraztu du; adostu dituzten gaien artean tasak eta zergak ez igotzea dago eta horri esker inbertsioen zifra aurtengo aurrekontukoa baino % 33 handiagoa izango da, 13,4 milioi eurora iritsiz.
Inbertsio horien artean udalaren eraldaketa digitalerako esleitu diren 3 milioi euro inguruak nabarmentzen dira (hainbat urtetan banatuta 2027ra arte); 5,5 milioi euro Las Mercedes kalean aparkaleku berria eraikitzeko (munta hau ere aipatu diren urte horietan banatuko dira); 2,2 milioi euro Etxebizitzarako; 40.000 euro Erromon Haur Eskola berri bat egiteko proiektua idazteko; 800.000 € Areetako Andrés Isasi Musika Eskola entseguetarako eta herritarrek erabiltzeko eraberritzeko eta egokitzeko; 381.000 € Algortako Ludoteka berri baterako; 600.000 € Bidezabaleko arrapalak berritzeko; Bolueko belar artifizialeko zelaiak berritzeko zenbatekoa (zati bat 2023ko aurrekontuarekin eta beste bat 2024koarekin); 623.200 € eskola publikoak mantentzeko, edo 863.000 € Punta Begoña galeriak lehengoratzeko inbertsioak egiteko.
Zuzenketak
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek osoko bi zuzenketa aurkeztu dituzte, baina EAJk, PSE-EEk eta PPk atzera bota dituzte. EH-Bildu taldearen tramitera onartutako beste 37 zuzenketak atzera bota dira eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako 28 zuzenketetatik bat onartu da, hain zuzen ere Andra Mariko adinekoen "Urte Alaiak" elkarteari zuzendutako 12.000 € sartzeko.
Zuzenketak aurreko astean bozkatu ziren bidezko Informazio Batzordean. PPk aurkeztutako 16etatik 5 onartu ziren (beste 11 zuzenketen kasuan kendu egin zituzten) eta Elkarrekin Podemos taldearen bat onartu zen "Lonjak Piztu" merkataritza-erabilerarako lokalak alokatzeko laguntzen programarako 20.000 € jartzeko. Onartutako PPren 5 zuzenketa horietatik, 6 milioi eurotik gorako balio bateratuarekin, handiena (5.500.000 €) Las Mercedes kalean aparkaleku berri bat eraikitzeari dagokio. Onartutako PP alderdiaren gainerako zuzenketak honako hauek egiteko dira:
udan eta neguan txakurrentzako hondartzak jartzeko eta egokitzeko; San Nikolaseko aparkalekurako sarbideak hobetzea laster alokairuan ateratzeko; Foruak kaleko aparkalekua (udaletxearen atzealdea) handitzeko proiektua; eta udalerriko hiri-autobusaren proba pilotua egiteko.
Baztertutako EH-Bilduren proposamenen artean honako hauek zeuden: hutsik dauden lonjak mobilizatzeko programa bat, zainketen behatoki publiko bat, rokodromoa Algortan, harmailak Bolueko futbol-zelaietan, frontoia Romo-Santa Ana inguruan, hiri-busaren estudio eta proiektu pilotu bat, Euskal Herria kalearen zati bat oinezkoentzat bihurtzea, Sarrikobaso kale osoa herritarrentzat berreskuratzea, liburutegi zentral berri bat Algortan, Kirol Portua bisitatzen duten gurutzontziek ingurumenean eta ekonomian duten eraginari buruzko azterketa, ondarea babesteko tresna berriak, txakurrentzako parkea, etxebizitza hutsa mobilizatzeko plana alokairuan ateratzeko, energia berriztagarrien aldeko neurriak edo Mimenagako ibarra berreskuratzea.
Elkarrekin Podemosen proposamenak, besteak beste, honako hauek ziren: korporazioaren soldatak berrikustea, alokairuko etxebizitza publiko gehiago, ikastetxeetan inbertsio berriak egitea, emisio txikiko eremuetan parte hartzeko prozesuak, bidegorri gehiago, Azkorri babesteko plana edo umezainen udal zerbitzu bat familientzat.
Balorazioa eta eztabaida
Hala EH Bilduk nola Elkarrekin Podemosek Gobernu Taldeak eta PPk lortutako akordioa kritikatu dute. Lehenengoak honako hau adierazi du: "ez da negoziazio-prozesu zintzo eta garbia egon, baizik eta negoziatzen ari ziren bi alderdiekiko, eta herritarrekiko, antzerkia eta errespeturik eza, ordurako PPrekin akordioa hitzartuta zegoenean"; eta bigarrenak adierazi du negoziazioak berehala hautsi zirela. Bi talde hauentzat onartutako aurrekontua "kontinuista da, anbizio gutxikoa, eta ez die Getxoko erronkei eta beharrei erantzuten; ez du etxebizitza plan bat edo etxebizitza hutsak mobilizatzeko plan bat; hezkuntza publikoa ahultzen du; ez du klima-aldaketa murrizteko ekintzarik planteatzen (emisio gutxiko eremuak, ibilgailuak hiriaren erdigunetik ateratzea...); eta garatzen duen kultur politika negargarria da", adierazi dute, besteak beste.
PPren ustez, “aurrekontu akordioa akordio garrantzitsua da herritarrentzat, Getxoko gehiengo zabala ordezkatzen duelako eta Getxoko beharrei erantzuten dielako, egin ditugun ekarpenei esker, Areetako (Las Mercedesen eraiki beharreko aparkaleku batekin) eta Algortako (San Nikolaseko aparkalekua irekitzearekin) aparkaleku faltari esker, Sarrikobasoko eraikinen arazoa konponduko dugu, udal autobus bat izango dugu, metroa lurperatzeko eskatuko dugu, etab.”.
Bestalde, Gobernu Taldeak (EAJ/PNV eta PSE-EE) nabarmendu du “ezberdinen artean sortzen den akordio da eta hitz egitea exijitu du adosteko. Eta herritarren eskaera nagusiei eta garapen iraunkorrerako inbertsio estrategikoei erantzuten die, hori guztia udalaren presio fiskala areagotu gabe. Foru Aldundiarekin itundutako zergen bilketa handitu egin da eta Getxori 60 milioi euro dagozkio Udalkutxa funtsetik. Kopuru hori 2023koa baino %7 handiagoa da, eta udal diru-sarrera guztien %46 da. Aurrekontu horrek finantzen egonkortasuna eta udal-eskumeneko zerbitzu guztien estaldura bermatzen ditu; getxotarren (haurrak, gazteak eta adinekoak) egunerokotasuna hobetzeko proiektuak biltzen ditu, eta oinarri oso sendoa eraikitzen du 2027an amaituko den Legegintzaldia 2023an baino nabarmen hobea den Getxorekin betetzeko. Aurrekontu horien helburua oraina hobetzea eta etorkizunean hobetzen jarraitzea da”.
Iaz bezala, 10 minutuko etenaldia egin da osoko bilkuran, San Inazio ikastetxeko ikasleek Udalbatzari abestu dizkioten gabon kantak entzuteko.