G: 58. Durangoko Azoka ate joka daukagu, nolakoak izaten ari dira azken egun hauek? Egitaraua itxita dago, baina urduritasunik badago?

E: Azken egunak intentsoak izaten dira, gauza asko dira kontuan hartu beharrekoak eta horrek ezinegon apur bat sortzen dit. Baina, hala eta guztiz be, desiatzen nago Azoka egunak heltzeko, asko disfrutatzen dut bost egun hauetan lanean.

G: Zer da Saguganbara Azokarentzat? Eta Azokaren bisitarientzat?

E: Azokarentzat gune kuttun bat dela esango nuke. Ilusioz eta fantasiaz beteta dagoen espazio bat da bost egunez Elkartegiko areto nagusia. Ume eta familia asko pasatzen dira Saguganbaratik eta esango nuke denek, batez ere txikienek, daramatela oroitzapen politen bat kontatzeko modukoa.

G: Azokaren bost egunetan programazioa izango dugu Saguganbaran, zer nabarmenduko zenuen?

E: Saguganbaratik pasatuko diren ikuskizun denak nabarmenduko nituzke. Sortzaile guztiek, daukaten maitasun eta pasio osoz sortutako ikuskizun, kontzertu, dantzaldi, liburu aurkezpen edo bestelako emanaldiak dira denak. Ziur gaude dagoena dagoela zerbait eskainiko diola bisitariari.

G: 2023ko Sormen Bekaren irabazlea ere Saguganbaran ezagutzera emango da, ezta?

E: Holan da bai. Zorte hori izango dugu Saguganbaran, 58. edizioan bekaren irabazlea ezagutzea eta 59.ean sorkuntza hau ikustea. Desiatzen gaude saritutako sortzailea edo sortzaileak ezagutzeko, baita beraien lana ikusteko ere, baina horretarako datorren urteko Azokara arte itxaron beharko dugu.

G: Zer suposatzen du zuretzat gune honen arduraduna izateak?

E: Plazer bat da niretzako urte guztian Saguganbararako lanean aritzea. Umeek normalean, urtean zehar, aukera gutxi izaten dituzte horrenbeste sorkuntza ezagutzeko, horrelako leku berezi baten eta guk hori eskaini ahal izatea benetan pozik egoteko modukoa dela esango nuke.

G: Azokaren bisitarientzako mezu eta plan bat?

E: Gozatu dezatela Durangoko Azokaz eta honek ematen dituen aukeretaz. Fantasiaz betetako bost egun hauetan pasatu daitezela guneetatik, sortzaile ezberdinak ezagutu ditzatela, lan ezberdinak, erosi ditzatela liburu eta diskak eta eman dezatela Durangotik buelta bat, giro paregabea egoten da ta.