Ondarru. Bixi-bixi leloak eta olatu baten irudiak osatzen dute Ondarroako Udalak aurkeztu berri duen herri marka berria. Aurrerantzean berau izango da herri-administrazioak erabiliko duen irudia, nahiz eta irudiak eta logoak ez duen armarria ordezkatuko, baizik eta “osagarriak izango dira”.

Ondarroako armarria “garrantzi handiko sinboloa da herriarentzat, eta hori ez dugu albo batera utziko”, adierazi du Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak. Izatez, herritarren parte hartze bidezko prozesu bat burutzea zen udalaren lehendabiziko nahia, “baina denborak ez digu horretarako tarterik utzi”. “Garrantzitsutzat jotzen genuen herritar batek egindako irudia izatea –Andoni Gartzia Alkorta diseinatzailearen lana da–, herritarrok baino hobeto inork ez baitu ezagutzen Ondarroa, eta uste dut, lortu duela transmititu nahi dugun irudia islatzea”, esan du Alkortak.

Bestetik, Ondarru erabiltzea hobetsi da horrela izendatzen baitute ondarroarrek euren herria. Izen ofiziala Ondarroa den arren, “gertukoagoa, herritarrok darabilguna eta kanpora begira ere ezagunagoa dena erabili dugu”, gaineratu dute Udaleko arduradunek. Bada, aurrerantzean Udalaren “komunikazio ofizialetan, irudi, testu eta abarretan Ondarroa idazten jarraituko dugu, zelan ez, baina herri marka sortzerakoan herriaren izena herritarron ahoan eta buruan den modura erabiltzea egokiagoa ikusi dugu, gertutasuna eta herritarron hizkera erakusteko”. Bixi-bixi leoari buruz, berau “herriko esamoldea da, eta uste izan dugu herri marka hobeto ulertzen dela eta nahi duguna gehiago eta hobeto transmititzen duela herri hizkeratik”, nabarmendu dutenez.