Bide garbiketa-zerbitzua indartuko du Abadiñoko Udalak auzoetan asteburuetan, pasa den asteartean ospatutako ohiko osoko bilkuran onartu bezala. Neurri hau 2024ko lehen hiruhilekoan jarriko da martxan, zerbitzu gehigarria eginez asteburuan hiru hirigune nagusietako leku jendetsuenetan. Horrez gain, behargin gehiago arituko dira bideak garbitzeko lanetan. Aukera-berdintasunaren printzipioa bermatzeko, errefortzuko langileek udaleko lan-poltsetan egon beharko dute.
Plegu berriak larunbat eta igandeetan ere garbiketa zerbitzua egongo dela aurreikusten du Abadiñoko hiru hirigune nagusietako leku jendetsuenetan. Bestalde, Traña-Matiena eta Astolaz gain, Zelaietan eta Muntsaratzen ere egunero erratz-makina pasatzea aurreikusten da. Era berean, zerbitzu horretan langile gehiago arituko dira, bi lanaldi eta erdi gehiagorekin.
Gaur egun, Zelaietako eta Muntsaratzeko garbiketa-zerbitzua udal-langileekin betetzen da, baina beste pertsona batekin indartzea dago aurreikusita. Traña-Matienari, Astolari eta industrialdeei dagokienez ere zerbitzu hori publiko bilakatzea aztertu da, baina egungo legeak kontuan hartuta, ezinezkoa da epe laburrean hori egitea, eta, ondorioz, zerbitzua kanpoko enpresa baten bidez ematen jarraituko da. Dena den, Udalak zerbitzuaren kalitatearen jarraipena eta kontrola areagotuko ditu, eta kontratazioan aukera-berdintasunaren printzipioa betetzen dela zainduko du.
“Abadiñoko garbiketa zerbitzua osorik indartzea erabaki dugu, eta otsailetik aurrera egunero egongo da garbiketa zerbitzua, behargin gehiago, kalitatearen kontrol handiagoa… Eta kontratatutako guztiak Udaleko lan-poltsetan daudenak izango dira”, azaldu du Mikel Urrutia alkateak.
Zerbitzuaren kontratazioa arautuko duen pleguak modu positiboan baloratuko ditu eskaintzari ingurumenaren ikuspegitik balio erantsia ematen dioten alderdi guztiak, hau da, ingurumena errespetatzea, jasangarritasuna, teknologia garbiagoak aukeratzea, zarata gutxiago egitea, etab. Modu berean, handitu egingo dira kontratua ez betetzeagatik jarriko diren zehapenak, kontratua behar den bezala gauzatzeko berme handiagoa izateko helburuarekin.