Bizkaiko Foru Aldundiak 2024 ekitaldirako Bizkaiko Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Arauaren proiektua onartu du, zeinak, guztira, 10.308,2 milioi euroko diru-sarrerak eta gastuak aurreikusten baitituen. Zenbateko horrek 500,1 milioi eurotan handitu du 2023 ekitaldiko aurrekontua; hau da, % 5,1eko hazkundea.
Orain Batzar Nagusietan izapidetzen hasiko den aurrekontu-proiektua Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak aurkeztu du. Azpimarratu du aurrekontua «Bizkaia Denontzat» legealdiko planean ageri diren sei jarduketa-ardatz estrategikoekin lerrokatuta dagoela eta horri esker lehentasunezko 120 jarduketa garatuko direla.
Bestalde, Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzen foru diputatuak aurrekontu-proiektuko kontuak aditzera eman ditu. Jakinarazi du 2024 ekitaldirako aurreikuspen ekonomikoetan funtsatuta diru-sarrerak handitu direla. Tributu itunduei dagokienez, zerga-bilketan 9.916,7 milioi euroko aurrekontua ezarri da, hau da, 2023ko aurrekontuan zegoen zenbatekoa baino % 5,8 gehiago.
Foru sailek 59 milioi gehiago dituzte
Gastuen atalean, erakunde-konpromisoak kontabilizatu ondoren, sailek eskura izango dutenaren hazkuntza % 3,8koa da; 1.599,1 milioi eurora iritsi behar dute, hots, aurreko ekitaldian baino 58,6 milioi gehiagora.
Biztanleko 640 euro gizarte-gasturako
Aurrekontu-proiektuan gizarte-gastua da garrantzitsuena, 2024an Aldundiak biztanleko 640 euro bideratuko baititu mendekotasuna eta desgaitasuna duten pertsonen edo adingabeen zaintza finantzatzera, gizarteratzera eta talderik kalteberenak babestera. Guztira, jarduketa hauetan 737 milioi euro gastatuko dira Gizarte Ekintza eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailen bidez.
Era berean, sailen arteko banaketan nabarmentzekoa da lurralde-oreka indartzeko (udalerriei eta eskualdeei laguntzea, garraioa eta azpiegiturak) nahiz jarduera ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko inbertsioen eta gastuen garrantzia. Xede horrez, sektore estrategikoei laguntzeko eta talentua, ekintzailetza eta berrikuntza sustatzeko jarduketak gauzatuko dira.
Aldundiak baliabide propioen 241 milioi aktibatu ditu
Aurrekontu-proiektuarekin batera, Elixabete Etxanobek jakinarazi du Aldundiak beste 241 milioi euro esleitu dituela baliabide propioetatik legealdiko plana garatzeko, eta, ondorioz, horrela, aurrekontu-proiektua osatuko dela. Hala, Aldundiak dagoeneko 1.729 milioi eurorekin zuzkitu ditu legealdiko planaren lehentasunezko jarduketak, garatu daitezen. Zenbateko horretatik % 46 gizartearen ikuspegitik Bizkaia aurreratua izateko jarduketetarako da, eta 800 milioi euro inguru gastatuko dira.
Jarduketak, ardatz estrategikoaren arabera:
Ekonomia oparoa duen Bizkaia
- Aurrekontuan partida batzuk daude jarduera ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko eta Bizkaiko ehun sozioekonomikoari begira estrategikoak diren sektoreei laguntzeko (talentua, digitalizazioa, enpresa-sustapena, ekintzailetza eta kanpo-sustapena).
- Digitalizazioa bizkortzera eta Bizkaia kultura- eta zinema-industriarako lurralde erakargarri gisa finkatzera bideratuko dira baliabide propioak. Gainera, partida bat gordeko da industria-lurzorua garatzeko eta Bizkaiko parke teknologikoak handitzeko.
Bizkaia gizartearen ikuspegitik aurreratua
- Aurrekontuaren bidez, adinekoak eta desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonak nahiz haurrak zaintzeko, berdintasuna eta gizarteratzea lortzeko eta pertsona kalteberenen beharrei erantzuteko jarduketak finantzatuko dira.
- Baliabide propioekin jarduketak zuzkituko dira zaintzen eredu berria zabaltze aldera, hala nola egoitza berriak, foru egoitzak bizikidetza-unitate bihurtzea eta EtxeTIC zentroak.
Bizkaia berdea
- Aurrekontu-inbertsioek energia-eraginkortasuneko neurriak finantzatuko dituzte, hondakinak kudeatzeko edo bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzeko helburuarekin.
- Baliabide propioen bidez, Bizkaibusen elektrifikaziorako eta hondakinen berrerabilpena hobetzeko jarduerak bideratuko dira.
Bizkaiak berezko nortasuna
- Aurrekontuaren bidez Bizkaiko museoen sarea finantzatuko da, kultura bultzatuko da, euskara sustatuko da eta ondarea babestuko da.
- Bi milioiko baliabide propioak Musiktopa proiektura eta Bizkaikoa-ra bideratuko dira.
Bizkaia lurralde-orekarekin
- 2024ko aurrekontuak Metrorako eta Bizkaibuserako beharrezko finantzaketa emango du, eta horri esker, errepideetan eta bizikleta-bideetan jardun ahal izango da, eskualde-garapeneko jarduketak egin ahal izango dira eta Bizkaiko udalentzako dirulaguntzen programak gauzatuko dira.
- 26 milioiko baliabide propio horiek azpiegituretara bideratuko dira, hala nola Gurutzetako aldagunearen bigarren fasera, Mallabiko Goitondoko sarbideetara edo Erletxe-Txorierriko bizikleta-pistara.
Bizkaian Aldundi sendoa, hurbila eta modernoa
- Aurrekontuan Aldundiaren funtzionamendua hobetzeko eta herritarrentzat irisgarriagoa eta hurbilagokoa izateko partidak daude; aparteko zuzkidurarekin, berriz, 60 milioiko partida bat gordetzen da egoitzen plana gauzatzeko, eta beste bat BiscayTIKen bidez jarduten duten erakundeen zibersegurtasuna indartzeko.