Segurtasun- eta garbiketa-dispositiboak indartuko ditu Durangok jaietan
Durangoko Udalak segurtasun- eta barbiketa-dispositiboak indartuko ditu ostegun honetatik igandera bitartean, eta baita datorren asteburuan, urriaren 21 eta 22an, Sanfaustoak direla eta. Horrez gain, ekitaldi jendetsuenen edukiera kontrolatuko du Udalak.
Garbiketa-zerbitzu honetan 4 kamioi baldekatzaile egongo dira, bakoitza bi pertsonekin; 6 ekortzeko makina, 14 peoi ekortzeko, batzuk orgatxoarekin eta beste batzuk ibilgailuarekin, 3 peoi ibilgailuarekin eta 4 kamioi hondakinak biltzeko (edukiontzien ohiko bilketa). Beraz, goizeko hiru txandatan (6:00etatik 13:00etara), arratsaldeko txandetan (13:30etik 20:30era) eta gaueko txandetan (19:30etik 2:30era) lan egiten duten 36 pertsona izango dira garbiketaren arduradunak. Bestalde, ezaugarri desberdineko 20 komun publiko jarriko dira guztira, bakoitzaren kokapena kontuan hartuta.
Garbiketaz gain, segurtasuna ere indartuko da, larunbat eta igandeetako gaueko eta goizeko txandetan Udaltzaingoaren 2 patruila izatetik 5 patruila izatera pasatuz. Halaber, arma zurien eta botiloien kontrolak egingo dira, bai eta establezimendu publikoetan adingabeei edari alkoholdunak saltzekoak ere, eta, gainera, jende gehien dabilen orduetan trenen eta autobusen etorrerak indartuko dira. Alkoholemia-kontrolak eta indarra erabiliz egindako lapurreten eta sexu-askatasunaren aurkako prebentziozko kontrolak ere egingo dira, eta Udaltzaingoak Ertzaintzarekin batera lan egingo du.
Durangoko alkatea den Mireia Elkoroiribek gogorarazi duenez, "helburua da guztiok jaiez gozatzea, eta, horretarako, Udaletik ahal dugun guztia egingo dugu hori lortzeko, eta herritarrei eskatuko nieke gutako bakoitzak ere egin dezala, eta errespetuz eta gizalegez joka dezagun. Horregatik, jaiez gozatzera gonbidatzen ditugu durangarrak, eta, Durangotik kanpo datozenak garraio publikoa erabiltzera animatzen ditugu, Bizkaibusek eta Euskotrenek ordutegi bereziak eskainiko baitituzte Durangora etortzeko.”.
Edukiera kontrolatzea
Bestalde, aurten Txupinazoaren moduko ekitaldien edukiera kontrolatuko da, bertan 6.000 pertsona bildu baitaitezke Udaletxeko plazan. Horregatik, edukiera zainduko da, eta pilaketak saihesteko, pantaila bat jarriko da Santa Anan, zuzenean jarraitu ahal izateko, eta, aldi berean, Udalaren youtube kanalaren bidez ere emitituko da.
Trafikoaren gaineko eraginak
Jaiek trafikoari ere eragingo diote. Horrela, urriaren 9tik 24ra Zumalakarregi kalean ibilgailu motordunei bidea itxiko zaie eta, beraz, Zumalakarregi 18ko garajerako sarbidea Montevideo kaletik egingo da.
Aldameneko kaleen norabideak ere aldatuko dira eta zamalanetarako gune berri bat egongo da (Nere tarbernaren parean) eta edukiontziek kokapen berria izango dute.
16 urtetik beherako harmailak
Bestalde, aurreko urteetan bezala, aurten ere 16 urtetik beherakoen harmailetarako sarbidea kontrolatuko da, urriaren 13, 14, 15, 21 eta 22ko Zezenak ikusteko. Horretarako, txartela erosi beharko da aldez aurretik.
Hauek dira kontuan hartu beharreko puntuak:
- Gradaren segurtasuna bermatzeko, aforoaren kontrola egingo da. Gradaren aforoa 140 pertsonakoa da. Ezin da egon gradaren pasiloetan.
- Gradara bakarrik sartu ahalko dira 16 urte baino gutxiago duten ume eta gazteak. 6 urterartekoak, nagusi batekin sartu ahalko dira eta jesarleku bera konpartituko dute.
- Gradara sartzeko, aldez aurretik ticketa hartu beharko da Durangoko Arte e Historia Museoan. Bi tiket gehienez
- Saio bakoitzerako aurreko egunean bakarrik hartu daiteke txartela. Ezingo da lehenago egin.
- Ticketak hartzeko Arte eta Historia Museoko ordutegia:
- Urriak 12: 11:00 – 14:00 // 17:00 – 20:00
- Urriak 13: 11:00 – 14:00 // 17:00 – 20:00
- Urriak 14: 11:00 – 14:00 // 17:00 – 20:00
- Urriak 20: 10:00 – 13:00 // 17:00 – 20:00
- Urriak 21: 11:00 – 14:00 // 17:00 – 20:00
- Gradara sartzeko sarbidea 07:00etan irekiko da. Lehenago ezingo da igo. Gradara sartzeko ticketa erakutsi beharko zaio bertan egongo den zaintzaileari. Txartela daukaten ume edo gazteei kortesiazko 15 minutu emango zaie; 07:45etan ez badira etorri, ilaran egongo den lehenengo umea edo gaztea sartuko da gradara.
Temas
Más en Bizkaia
-
El grupo socialista de Galdakao solicita recuperar el parque Máximo Moreno y el entorno del Ibaizabal
-
Comienzan las obras para el paseo que unirá el Guggenheim y el Bellas Artes
-
Arratia estrena una pionera aula multisensorial que dará servicio a colectivos vulnerables de la comarca
-
La tormenta deja más de 3.300 rayos en Bizkaia