'Haurren aurrean helduok heldu' kanpaina abiaraziko du Getxok
Urriaren 19tik 29ra bitartean, Getxoko Udalak Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako 'Haurren aurrean helduok heldu' izeneko kanpainaren bigarren edizioa jarriko du martxan. Ekimen honen helburua helduen artean euskararen erabilera sustatzea da, horrela txikienengan eredugarritasuna bultzatzeko. Horretarako, baliabideak emango zaizkie helduei.
“Kanpainaren bidez helduen hizkuntza ohiturek umeengan duten eraginaren kontzientzia piztu nahi dugu eta horretarako baliabideak eta teknikak proposatuko dizkiegu, haurren aurrean eta haurrekin euskaraz egitera animatzeko baita inguruko gurasoekin ere. Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketak izango dira, inguruekin lehen hitza euskaraz egitera animatzeko”, azaldu du Irantzu Uriartek, Euskara zinegotziak .
Egitaraua
Kanpainaren egunetan, urriaren 19tik 29ra, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egitea proposatzen da, euskaraz ondo moldatzen direnek gurasoei lehen hitzk euskaraz egiten (ulertzen duten ezagunei zein ezezagunei, baita horiek erdaraz hiz eginda ere), eta zailtasunak edukitzekotan ingurukoak euskaraz jarraitzera animatzen.
Kanpainaren aurkezpena urriaren 19an, 17:30ean, izango da Areetako Geltokia plazako auditoriumean, Jon Plazaola eta Itxaso Payá aktoreek bideratuta. Artista gonbidatu gisa Iholdi eta Ibabe Beristain (Goazen telesaila) eta regetoia euskaraz egiten duen Txekoslobako musikari getxotarra izango dira. Esketxak, musika, eta familia-argazkia ateratzeko eta oroigarri gisa eramateko fotomatoia ere izango dira.
Urriaren 18an, asteazkenean, familia osoarentzako ekitaldia izango da Muxikebarrin, 17:30etik aurrera. Gurasoentzat Umeek euskara gehiago erabiltzeko helduon rola solasaldia izango da, Maite García Ruiz, euskal Hizkuntzalaritza eta Filologian doktore getxotarraren eskutik. Umeentzat, Madduki ipuin kontalariak hiru urtetik gorakoentzako saioa eskainiko du. Euskaraz izango da eta doako haurtzaindegi zerbitzua izango da. Izenematea, hemen.
Familia osoarentzako beste doako ekitaldi bat izango da urriaren 23an, Getxo Elkartegian, 17:30ean hasita. Pantailak euskaraz izango da gurasoentzako solasaldiaren gaia eta interpretazio zerbitzua izango da Telegram aplikazioaren bidez. Seme-alabek Streaming plataformetan eta Interneten dauden edukiak eta bideo-jolasetan euskaraz aritzeko aukera izango dute. Izenematea, hemen.
Gurasoak ahalduntzeko tailerrak
Azkenik, gurasoak ahalduntzeko tailerrak ere izango dira. Bata guraso euskaldunak ahalduntzeko hizkuntza-ohiturak euskarara aldatze aldera, kezkak elkar banatzen eta egoera desberdinen aurrean estrategia eta baliabideez hornitzen. Ordu eta erdiko tailer parte-hartzaile eta dinamiko izango da, eta bertan Belarriprest eta Ahobizi figurak izateko tresnak eskainiko dira, gaiarekin kezkatutako helduentzat, aita-ama koadrilentzat eta gurasoen elkartekoentzat.
Beste tailerra, Yo no sé euskara pero Egun on titulupean, euskara ez dakiten baina seme-alabei irakaskuntzan euskararekin arrakasta izateko lagundu nahi duten gurasoentzat da. Horretarako aholkuak eta tresnak eskainiko dizkiete. Bi doako tailerretarako izenematea, helbide elektroniko honetan: getxo365@bizarralepoan.eus.
Kanpainari buruzko informazioa etxeetara helduko da Getxoberrirekin batera banatuko den foiletoan eta webgune honetan ere aurki daiteke.