Galdakaoko jaiak ostiral honetan hasiko dira, egitarau zabalarekin. Ostiral arratsaldean hasiko dira 2023ko Santakurtzak eta gozatzeko hamaika modu eta aukera izango dira herrian bederatzi egunez: 166 ekitaldi prestatu dira irailaren 8tik 17ra bitartean izango diren jaietarako.

Udalak eta herriko talde eta elkarteek elkarlanean antolatutako jaiak dira Galdakaokoak, “eta horren adierazgarri da ekintzetatik asko eta asko, 70, elkarteek antolatu dituztela. Azken urteotan Santakurtzetan izaten ari den parte hartze handiaren gakoa ere elkarlan hori dela seguru dago Udala, eta urte osoan egiten duen lana eskertu nahi dio Jai Batzordeari; baita jai parte hartzaileen ardatz diren elkarte eta kuadrilla guztiei ere”, azaldu dute Udaletik.

19:00etan ekingo zaio jaien hasiera iragartzen duen desfileari. Plazakoetxetik abiatu, Juan Bautista Uriarte kalea musika, kolore eta dantzekin zeharkatu, eta 20:00etarako dago aurreikusita txupina, pregoiaren ondoren. Herriko jai nagusietako bederatzi egunetan 166 ekintza egongo dira eta horietako 19 musika kontzertuak izango dira: En Tol Sarmiento, Esne Beltza, EH Sukarra eta Akerbeltz arituko dira, esaterako, eta bi orkestrak ere dantzarako aukera ederra emango dute: I love 80 eta Goxua´n saltsa taldeek. Herriko musika taldeek ere toki esanguratsua izango dute Etxeko plaza saioei esker eta ostiraletan DJek alaituko dute festa.

Kontzertu eta musikarekin batera, beste ekitaldi asko ere antolatu dituzte. Antzerkia, gastronomia ekitaldiak, ume eta gazteentzako hainbat ekimen, baita pertsona helduentzako ere, jaiak pertsona guztiek goza ditzaten. Kirola ere presentzia handi izango du jaietan zehar.

Galdakaoko Udalak ekitaldietan parte hartu eta modu sanoan lehiatzera animatu nahi ditu herritarrak, barre egin, ondo pasatu eta gozatzera, beti ere, gainontzekoekiko errespetua gainditu ezin den muga dela gogoratuta.