Bizkaiko Foru Aldundiak Urdaibaiko aztarnategiak ezagutzera emateko ibilbide arkeologikoak eskainiko ditu abuztuan zehar, 'Ibilbide Historikoak' ekainetik irailera bitartean martxan egongo den programaren barruan.

Bost plan, ekainetik irailera bitartean, Bizkaia ezezagun batean murgiltzeko ez ohiko bisitak toki berezietara: Arrolako oppiduma, Foruako Erromatar herrixka, Tribisburuko nekropolia, Ereñozargo gaztelua eta Katillotxuko estazio megalitikoa.

Hamahirugarren edizio honetan tren turistikoko ibilbideez, natura, paisaia, ondarea eta historia uztartzen dituzten ibilaldi pausatuez, mendi-ibilaldiez eta egiten ari diren indusketa eta ikerketetako berrikuntza interesgarriez gozatu ahal da. Ibilbide guztietan izena emateko epea zabalik dago. Ibilbide Historikoetako bisita guztiak www.bizkaikoa.bizkaia.eus webgunean kontsulta daitezke, eta baita 688 856 689 telefonora deituz edo ibilbideak@bizkaia.eus helbidera idatziz ere.

Ibilbide Historikoak programaren bidez Bizkaiko Foru Aldundiak abuztuan udako hilabeteetan Bizkaiko ondare-bitxi nagusiak eta bertako natura- eta paisaia-ingurune aparteko eta harrigarria ezagutzeko aukera eskaintzen die herritarrei. Bisita gidatuek foru erakundearen mende dauden Euskal Herria Museoa, El Pobaleko Burdinola eta Arkeologi Museoaren aholkularitza dute, baita Bizkaiko historiaren aparteko monumentu horien indusketa, ikerketa eta kontserbazioan parte hartu duten profesionalena ere.

Ibilbide arkeologikoak Urdaibain, gure historia lurpetik ateratzen

Urdaibaiko Ibilbide Arkeologikoen bidez, Urdaibaiko eta Bizkaiko Historiaren 5.000 urteko historia, Neolitotik Erdi Arora, ezagutu eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako paisaia pribilegiatuaz gozatu ahal da.

Ibilbide arkeologikoen egutegiak bisita-aukera zabala konbinatzen du: tren turistikoan egiten direnak, oinez egiten direnak, arkeologian, biologian, toponimian eta euskal filologian adituak direnekin egiten direnak edo zeinu-hizkuntzako bisita bereziak, besteak beste. Gainera Foruko Erromatar Herrixkako eta Arrolako Oppidumeko bisitak errealitate birtualarekin osatzean programa honek denboran zehar lekualdatzeko esperientzia eskaintzen digu. (Kontsultatu egutegia www.bizkaikoa.bizkaia.eus).

Urdaibaiko eskaintza kultural honek, Bizkaiko historiaren sekuentzia erabakigarriak zabaltzeaz gain, iraunkortasuna eta natura-ingurunearekiko eta ondare-baliabidearekiko errespetua bermatu nahi ditu. Hori dela eta bisitak talde txikietan egiten dira; bisita batzuk oinez eta beste kasu batzuetan tren turistiko bat jartzen da eskuragarri publiko zabalago bati sarbidea errazteko.

Programak bost ibilbide gidatu ditu honako hauek ezagutzeko aukera eskainiz: Arrolako Oppidumeko aztarnategi arkeologikoak (Arratzu), Foruko Erromatar Herrixka, Tribisburuko Nekropoli Erromatarra (Bermeo-Busturia), Ereñozargo Gaztelua (Ereño) eta Katillotxuko Estazio Megalitikoa (Mundaka, Sukarrieta eta Busturia).

Arrolako oppiduma (Arratzu)

Arratzuko Arrolako Oppidumera egindako bisitak K. a. IV. mendeko aztarnategiko birsorkuntza birtuala, une desberdinetan, eskaintzen du tablet baten.

Kantauri ekialdeko erromatarren aurreko herrixka garrantzitsuenetako bat da. Burdin Aroko talaia monumentala eta Arrola mendian kokatutako ekialdeko Kantauriko defentsa-ingeniaritzako alardea. Arrolako oppidumeko bizitzaren ezagutza osatzeko Arratzuko Arrolagune interpretazio zentroa bisitatzen da. Bertan herrixkako etxebizitza bat birsortzen da fisikoki.

Erromatar herrixka (Forua)

Foruko erromatar herrixkara egindako bisitak iraganera eramaten du publikoa, tablet batean ikus daitekeen K. o. I. mendeko herrixkaren birsortze birtualean ezagutuz. Duela ia 2.000 urte tokia nolakoa zen ikusteak are gehiago hurbiltzen die herritarrei historia eta kultura-ondarea.

Foruko Erromatar Herrixka Foruko Elejalde muinoan dago, Oka ibaiaren ezkerreko ibaiertzean, Urdaibairen bihotzean, eta K. o. I. mendekoa da. Kokalekua bisitatzeaz gain, Tourseko San Martin eliza bisitatzen da. Eliza horrek, kristalezko zoruaren azpian, besteak beste erromatar foroaren parte ziren eraikin handien eta antzinako nekropolien hondakin baliotsuak gordetzen ditu.

Tribisburuko nekropolia (Bermeo)

Bisita honetan erromatarren garaiko errausketa-nekropoli baten hilobiak eta hilobi-errituak ikusi ahal izango dira. Sollube mendian dago kokatuta eta duela 2.000 urte Urdaibaiko eremu horretan bizi ziren biztanleek erabiltzen zuten.

Ereñozargo gaztelua (Ereño)

Ereñozar gailurra Urdaibaiko estuarioaren zaindaria da gaur egun, eta hala izan da duela 1.000 urtetik. Gaur egun ermita txiki batek koroatzen duen gailurrean historia eta kondaira elkartzen dira. Bertan, baseliza dagoen lekuan, XI. eta XIII. mendeen artean jardunean egon zen gaztelu baten eta beranduagokoa den nekropoli baten aztarnak daude; azken hori, XVI. mendean Ereñozarreko San Migel baseliza eraiki baino lehen, bere oinetan zeuden herrixketako biztanleak lurperatzeko lekua izan zen.

Katillotxuko estazio megalitikoa (Busturia, Sukarrieta, Mundaka)

Bizkaiko historiaurreko ohiturak eta hileta-errituak ezagutzeko ezinbesteko bisita da. Katillotxu mendiko paisaia natural ikusgarrian trikuharriak eta tumuluak hurbiletik ikusteko oinezko ibilbidea.

Bizkaiko Gernikako Arbolatik harago zin-bidea (iraila)

Bizkaiko Foru Aldundiaren 2023ko "Ibilbide Historikoak" programa irailean amaitzen da Bizkaiko Zin-bidea ezagutzeko aukerarekin. Gure Lurralde Historikoaren bihotza zeharkatu eta gure nortasun politikoaren jatorria ezagutzeko modu interesgarria, Bizkaiko Jaunak Foruen zina egiten zuen lekuetan barrena. Ondarea, historia, mendi-ibiliak eta paisaia.

Ibilbidea hiru etapatan egiteko planteatzen da; oinez, hiru egunetan, edo autobusez, goizeko egun bakarrean.

Zin-bidea Bilbotik abiatzen zen, erdigunea Gernika-Lumo zen era Bermeon amaitzen zen. Ibilbide honetan Bizkaiko Foruen zina egiten zen toki eta monumentuak ezagutuko dira. Esperientzia honen haria gure historia eta Bizkaiko Foruen funtsa dira eta aukera paregabea da oso ezaguna ez den ondare historikoa eta Bizkaiko barnealdeko eta kostaldeko paisaien aberastasuna eta aniztasuna ezagutzeko.