Santurtziko Udalbatzak hasi berri den agintaldirako antolakuntza onetsi egin du astearte honetan goizean ospatutako osoko bilkuran. Besteak beste, informazio-batzordeen maiztasuna eta osaketa onetsi dira, ontzat eman baita alkateak egindako proposamena, hau da, batzordeen ordezkaritza udalean ordezkaritza duten alderdien hurrenkerarekiko proportzionala izatea. Horiek horrela, EAJ-PNV udal-taldeak 3 ordezkari izango ditu udal organo horietan, EH Bilduk 2, PSE-EEk beste 2 eta Elkarrekin Podemosek eta Alderdi Popularrak bana.

Udalaz gaindiko erakundeak

Bestalde, gaurko Osoko Bilkuran Santurtziko Udalak parte hartzen duen partzuergo, mankomunitate eta zuzenbide publikoetako udal-ordezkariak ere izendatu dira.

Horren arabera, alderdi politiko guztiek izango dute ordezkaritza erakunde horietako batean. EAJ-PNVk Garraio Partzuergoan, Ur Partzuergoan eta Bilboko Portu eta Itsasadarreko Fundazioan izango du, EH Bilduk Zaborren Mankomunitatean, PSE-EEk Zaborren Mankomunitatean eta Ur Partzuergoan, Elkarrekin Podemosek Haurreskolak Partzuergoan eta Alderdi Popularrak Zaborren Mankomunitatean.

Ranzari Mankomunitatea

Ranzari Lantegi Tailerra mankomunitatearen presidentetzari dagokionez, Ranzariren estatutuetan ezarrita dago presidentetza txandaka hartuko duela bere gain alkate bakoitzak (Portugaleteko eta Santurtziko alkateek) agintaldi bakoitzean. Hori dela-eta, gaurko Osoko Bilkuran Portugalete eta Santurtzi artean mankomunatuta dagoen organo horretan egongo den ordezkaritza onetsi da. Horiek horrela, Artezkaritza batzordean Santurtzik EAJ-PNVren ordezkari bi izango ditu, EH Bildu eta PSE-EEren bana eta beste ordezkari bat Elkarrekin Podemos eta Alderdi Popularrarena.

Azkenik, osoko bilkuren ordutegia aldatzea erabaki da lana eta familia bateragarri egitearren, eta hilaren azken ostegunean egitea adostu da 9:30ean.​