Oso gutxi falta da Frantziako Tourraren lehenengo etapa Bilbotik irten eta Bizkaiko hainbat udalerrietatik igarotzeko, eta dagoeneko den-dena prest dago goi mailako ekitaldia jasotzeko.

Getxoko ibilbidea 5.400 metrokoa izango da. Lasterketa itsasadarreko errepidetik sartuko da Getxora, Eduardo Coste kaletik, 13:36/13:40h aldera (antolatzaileek estimatutako ordua), Areeta eta Zugatzarte etorbideak zeharkatuko ditu, eta hortik Makaletako etorbidera joango da, eta Fadura ingurutik igaro ondoren, Salsidun Berangorako bidea hartuko du. Aurretik, 11:40ak aldera, txirrindulariekin batera doan ibilgailuen publizitate karabana igaroko da.

Tourreko lehen etapa hau dela eta, Udalak aurretiko antolaketa-dispositiboa jarri du abian, hainbat udal-zerbitzuren inplikazioarekin, Tourraren antolakuntzak ezarritako neurriak eta eskakizunak betetze aldera, etapa normaltasunez eta erabateko segurtasunez joan dadin lasterketarentzat eta trafikoarentzat, bai eta zaleentzat ere. Getxoko etapan, operatibo berezi bat jarriko da abian, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak osatua, eta boluntarioen laguntza izango dute. Era berean, garbiketa eta lorezaintzako zerbitzu berezia jarriko da.

Afekzioak

Proba honek antolakuntza- eta segurtasun-eskakizunak eskatzen dituenez, neurri sorta handia egin beharko da.

Uztailaren 1ean egingo den lasterketaren ibilbidea erabat itxita egongo da ibilgailuentzat, baita inguruko kale eta bide batzuk ere, 10:30etik 15:00etara. Lasterketak batez ere trafikoan izango dituen eraginak ahalik eta gehien murrizteko, Udaltzaingoak beste bide batzuk prestatu ditu, herritarrek, merkatariek eta, zaletuek, oro har, aukera izan dezaten joan-etorriak egiteko proba egiten den bitartean, eta horrek kale batzuen noranzkoa aldatzea ekarriko du.

Halaber, ekitaldia baino bi egun lehenago, ibilbidearen barruan dauden aparkalekuetan aparkatutako ibilgailuak kenduko dira; guztira, 445 aparkaleku dira kendu beharko direnak. Aparkatzeko debekua ekainaren 30eko 08:00etatik uztailaren 1eko 16:00etara egongo da indarrean. Horren ordez, Udalak udalerriko hainbat tokitan 300 bat aparkaleku alternatibo jartzea aurreikusten du bakarrik egoiliarrentzat, hala nola, Romo eta Larrañazubi ikastetxeetako patioetan eta Julio Caro Baroja institutuan, Larrañazubiko ibilgailuen biltegi zaharrean eta horren aurrean dagoen orubean, errepidearen beste aldean, eta Arriluzeko kaiko aparkalekuan (Lezama Leguizamongo zabalgunea).

Gainera, Tourraren zale batzuk Getxora autokarabanan etorriko direla aurreikusita, aparkalekuak erreserbatuko dira Kirol Portuko itsas bidaietarako terminalean.

Bestalde, txirrindularien segurtasuna bermatzeko, hondakinen edukiontziak kenduko dira Areeta, Zugatzarte eta Makaletako etorbideetan, eta alboko kale perpendikularretan edo inguruko kaleetan jarriko dira, zaborra bota ahal izateko. Murrizketa ekainaren 30etik (ostirala) uztailaren 2ra (igandea) egongo da indarrean. Era berean, bolardoak, gomazko bandak eta abar kenduko dira ibilbideko galtzadatik, eta astebete lehenago zirkulazio-seinaleak dituzten seinale mugikorrak jarriko dira.

Eragin eta neurri guztiak pixkanaka zehaztuko eta jakinaraziko ditu Udalak, ekitaldiaren eguna hurbiltzen den heinean.

Amaia Agirre jarduneko alkateak azpimarratu du: “mugarri historiko baten aurrean gaude Bizkaiarentzat eta gure udalerriarentzat. Udaletik badakigu munduko kirol-lehiaketa garrantzitsuenetako baten parte izateak eragin handia duela. Horregatik, lanean ari gara behar diren segurtasun-neurri guztiak hartzeko eta bizilagunek informazio guztia izan dezaten. Bide batez, herritarren laguntza eskatu nahi dut Tourreko lehen etapa gure kaleetatik normaltasunez igaro dadin eta uztailaren 1ean gozatu, ospatu eta munduari gu garena proiektatu ahal izateko: kirolarekin iraulitako herria, erakargarria eta antolaketarako gaitasun handikoa”.

Getxo, beraz, horiz jantziko da uztailaren 1ean Frantziako Tourrari harrera egiteko. Ibilbidean zehar dauden biribilgune eta lorategiak, esate baterako, lore horiz apainduta geratuko dira.