Datorren asteazkenean, maiatzak 10, irekiko da Amorebieta Etxanok antolatutako Nagusien Tanborradan parte hartzeko izena emateko epea. Ekitaldia uztailaren 24an ospatuko da, Karmen eta Santanatxu jaien markoan.
Udalak jakinarazi du tanborradako edozein gorputzetan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman behar dutela izena, hala nola, tanbor-jole, tanbor-jole beterano, fusilari, zaldun, sukaldari edo kantinera. Izen-ematea zabalik dago 16 urtetik gorako zornotzar guztientzat; eta 14 urtetik gorakoentzat, antortxeroen kasuan. Horretarako bi aukera daude: online izenemateak.amorebieta-etxano.eus atarian edo Zelaieta Zentroan.
Entseguetako datak
Entseguei dagokienean, tanborradan izena ematen duten zornotzarrek ekainetik aurrera izango dituzte: tanbor-jole eta beteranoen entseguak ekainaren 8an, 15an eta 29ean, eta uztailaren 6an 13an eta 20an izango dira, 19:45etan; eta fusilatuek ekainaren 7an eta 29an eta uztailaren 6ean, 14an eta 19an, 19:30etan. Antolatzaileek gogorarazi dute entseguetan parte hartzea derrigorrezkoa dela eta entsegu bitan baino gehiagotan huts egiteak parte ez hartzea ekarriko du, beti ere, gorputzaren arduradunak kontrakoa erabakitzen ez badu. Kasu guztietan tanborradaren komisioari jakinaraziko zaio erabakia.
Tradizio handia
Azken 40 urteetan etenik gabe antolatu eta gero, Amorebieta-Etxanoko tanborradak hirurogeita hamar urtetik gorako tradizioa du. Udalak urteak daramatza Tanborrada babestu, mantendu eta aberasteko erabakiak hartzen, hala, profil eta ezaugarri bereziak eta esklusiboak definitu dira. Arautegia ere egin da eta honi esker lortu du izaera bereziari, koloretsuari, parte-hartzaileari eta umoretsuari eustea. Hala, Udalak gogorarazi du Tanborradak ahalik eta modu errealean irudikatzen Napoleonen tropek orain bi mende baino gehiago bertan gauzatu zuten desfilearen ospakizuna, jaia bilakatuz eta satira moduan burutuz.