Datorren asteko astearte eta ostegunean, maiatzak 9 eta 11, Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxeak Zinegoak gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiko hainbat lan jasoko ditu.
Maiatzaren 9an, asteartean, 19:00etatik aurrera, film laburren saioa izango da eta honako hauek ikusteko aukera egongo da:
- Irrits (Maider Oleaga)
Euskaraz, azpitituluak gaztelaniaz. Izaro eta Clara, 17 urteko neska nerabe bi, begirale lanetan ari dira haurrentzako udalekuetan. Egun berotsu batean, Clarak irrikaz musukatzen du laguna. Izaro, grinak itsututa, noraezean dabil gertatu zaiona kudeatu nahian, baina prest dago Clarari jarraitzeko, hark nahi duen eremura.
- Son (Marta Nieto)
Gaztelaniaz, azpitituluak euskaraz. Anak ez daki nola tratatu bere sei urteko seme Son, eta mendi ibilalditxo bat egitea erabakitzen du elkar nolabait aurkitzeko asmoz. Bidetik labirinto batean galtzen dira, non beren harremanaren nahasmena, inkontzientzia eta tentsioa berpiztuko diren, iraganeko zauriak irekiz, haiek sendatu eta aurkitzen hasteko.
- Arnasa (Raúl Barreras)
Euskaraz, azpitituluak gaztelaniaz. Muino batean eserita, Inaxiok emaztearen heriotzak sortzen dion atsekabea adierazten du bertso baten bidez. Ekaitz biloba, baserrira itzultzen da aitonaren kantuak deituta, aitona bera eta honen animaliak zaintzera. Biek, inguruaren ikuspegi ezberdinekin, berriro bat egingo dute eta etorkizuneko zailtasunei aurre egingo diete elkarrekin.
- Dating internet strangers (Eduardo Wahrhaftig)
Portugesez, azpitituluak gaztelaniaz eta euskaraz. Dozenaka milioi pertsona ari dira erabiltzen hitzordu aplikazioren bat. Kontakizun honetan, zenbait erabiltzailek hitzordu on eta txarrei buruzko istorioak, eta smartphone-en aroan ligatzeari buruzko iritziak partekatzen dituzte.
- Ezohikoak (Alejandra Bueno)
Euskaraz, azpitituluak gaztelaniaz. Euskal Herrian hazkuntza prozesuan Euskal matriarkatuaren existentzian sinetsiz eta familia eredu oso normatiboak asimilatuz hazi ohi gara. Protagonistak ez du bere burua eredu horien barruan islatzen, eta argazkien bidez berrikuspen historiko bat egiten du gizarte hori nolakoa den ulertzeko. Historia normatibo bakarra kontatzeko balio izan duten argazki berberek bizia hartzen dute historiarik gabeko emakume historikoen, matriarkaturik gabeko emakumeen eta beste emakume batzuen historia kontatzeko.
- Perpetua Felicidad (Isa Luengo eta Sofía Esteve)
Gaztelaniaz, azpitituluak euskaraz. Almak hamabost urte ditu, herriko abesbatzan abesten du eta bere sexualitatearekin konektatzen hasia da. Bere aita Kikek, abesbatzako zuzendariak, ahotsa galdu du laringektomia baten ondorioz. Udako jaietarako elkarrekin prestatzen duten kontzertua hurbildu ahala, aita-alaben arteko tentsioak gero eta handiagoak dira.
Hilaren 11n, berriz, 19:00etatik aurrera, Casa Susanna (Sébastien Lifshitz) film luzea ikusteko abagunea egongo da: ingelesa, azpitituluak ingelesez eta euskaraz. 1950eko eta 1960ko hamarkadetan, Estatu Batuetako landa sakonean, Catskill mendien magalean, atzean ukuilu bat zuen egurrezko etxe txiki batek lehen trabesti-sare klandestinoa zeukan. Dianek eta Katek 80 urte dituzte orain. Garai hartan, gizonak ziren eta erakunde sekretu horren parte ziren. Gaur transexualitatearen lehen garaietako kapitulu ahaztuta baina berezko hau kontatzen dute.
Jaialdia bera ekainaren 26tik uztailaren 1era bitarte ospatuko da Bilbon eta dagoeneko erreferente bihurtu da nazioarteko LGTB jaialdietan. Urtero 100 lan baino gehiago erakusten ditu, horietako asko nazioarteko jaialdietan sariak lortu dituztenak.